Arnasaren garaipena Oiartzunen

Oiartzun 0
Anaitasuna CD 2

Aukera asko sortu zituen Igor Quindosen taldeak eta bigarren zatian sei minutu behar izan zituen neurketa erabakitzeko

Haizea hartu zuen atzokoan Ohorezko mailako taldeak Oiartzunen. Bolada txarrean zen Igor Quindosen taldea, Tolosan eta aurreko astean Txerloian Zarautzen aurka jasotako porrotek min handia egin baitute aldagelan. Atzo berriz ere gureek zer nolako maila duten erakutsi zuten Karla Lekuona futbol zelaian eta Hirugarren Mailatik jaitsi berria den talde bat hankapean hartu zuen taldeak.

Garaipena eta garrantzitsua lortu zuen Anaitasunak Oiartzunera egindako bisitan. Aurredenboraldiko neurketa batean aurrean izan zuen taldea izan zuen atzokoan berdegunean, baina emaitza erabat desberdina izan zuen partidak zorionez. Bi aldeetako hegalak erabiliz egin zuen min taldeak, orain arteko garaipenetan erabakigarria izan da hegaletako jokoa, eta atzokoan talde honen arma bat dela erakutsi zuten gureek. Iñigok min handia egin zuen eskuin hegalean, eta hortik lehen gola iristear izan zen.

15. minuturako ate aurrean aukera bat egin zuen Anaitasunak. Hegaleko sake bat azkar atera zuen taldeak eta jokaldi nahasi baten ostean area ertzean Beñat Landak jaso zuen baloia. Honek ezker aldera zabaldu zuen jokoa, Mikel Aramendi bakarrik baitzen. Jaurtiketa egin zuen ezker hegaleko jokalariak, baina atezainak gureen lehen gola ekidin zuen baloia kornerrera bidaliz.

Azken neurketetan Anaitasunari horrenbeste min egin dion futbolaren legea aplikatzeko gutxi falta izan zen atzo ere. Taldeak kale egin zuen aurkariaren ate aurrean, eta aurkariak gutxien espero zenean gola egiteko zorian izan ziren hurrengo jokaldi batean. Atepean zen Astik egindako geldiketek etxekoen aukera guztiak ezeztatu zituen.

Ordutik aurrera talde eta kolore bakarra nagusitu zen Karla Lekuona zelaian, gureen kolore gorria. Mikel Aramendik izan zuen beste aukera bat. Markelek hasi zuen atzetik jokaldia. Jokoa goitik aldatuz Iñigo Arzalluzekin jokatu zuen, honek kontrol paregabea egin eta atzelariak atzean utzita erdiraketa egitea lortu zuen Mikel Aramendiri, baina atzelariak adi, urruntzea lortu zuten.

Antzeko jokaldi batean ere egin zuen min taldeak. Iñigo Arzalluzek atzelaria atzean utzi eta erdiraketa egitea lortu zuen. Oraingo honetan, ordea, erdiraketa altuagoa izan zen eta errematatzailea Ioritz Mendizabal izan zen, baina bere burakada gora joan zen zuzenean. Aukerak sortzen hasia zen taldea, eta minutu batzuk geroago izan zitueen garbienak. Mendizabalek neurketaren hasieran min hartu zuen iztarrean eta erren egiten zuela ikusirik, Quindosek Ander Arabaolaza zelairatzea erabaki zuen.

Hain zuzen Ander bera izan zen 35. minutuan protagonista. Astiren urruntze luze batean lo harrapatu zituzten gureek etxeko atzelariak eta Anderrek, inor baino argiago, jokaldiari jarraitu eta baloia oinetan hartu zuen. Atezainaren gainetik ausartu zen aurrelaria, baina zortea ez zuen lagun izan eta baloiak langan jo ostean kanpora joan zen.

Kontuak kontu, atsedenaldira hutsean iritsi ziren bi taldeak. Bueltan lehen abisua etxekoek eman zuten Astirenganaino iritsi eta errematea egitea lortu zutelako, baina zorionez kanpora bidali zuten etxekoek izan zuten aukerarik garbienetakoan. Ondoren lehenengo gola egingo zuen Ander Arabaolazak neurketa aukerarik garbiena izan zuen bere oinetan, atezainaren aurrean bakarrik gelditu baitzen aurrelaria. Jaurtiketa egiteko ez zen ondo jarri Ander, eta atezainak lehen gola ekiditea lortu zuen.

Baina 70. minutuan iritsi zen azkenean gol preziatua. Atzetik patxadaz hartutako jokalditik etorri zen hain justu. Behin baloia area ingurura iritsi zenean ondo borrokatu zuten gureek baloia eta Iñigok ezker hegaletik egindako erdiraketa bigarren zutoinean zen Anderri iritsi zitzaion, baloia kontrolatu eta ezkerrez jaurtiketa gurutzatuz Anaitasuna aurretik jartzea lortuz.

Ioannes Garate ere zelaian jarri zuen entrenatzaileak lehen golaren ostean eta sei minutu geroago Ioannes bera izan zen neurketan jokoan zeuden hiru puntuak ziurtatuko zituen gola egin zuena. Atzetik luze jotako baloi luze bat Ander Arabaolazak oinetan bere egitea lortu zuen eta eskuin aldera bikain zabaldu zuen. Han Ioannes zegoen eta atezaina atepetik irtenda zegoela ikusita goitik egin zuen jaurtiketa azken huts eta bikoa egiteko. Bikaian amaitu zuen Ioannesek taldearen jokaldia.

Oiartzunek, ordea, izan zuen aldea murrizteko aukera, baina Astik berriz ere eskuekin baloi gelditzea lortu zuen etxekoen etsipenerako. Amaiera aldera neurketa erotu egin zen. Gordeta izan zituen txartelak ateratzen hasi zen epailea, baina gehien kaltetu zuen taldeak¡ etxekoena izan zen. Oiartzungo kapitainak sarrera gogorra egin zion Izagirreri eta epaileak, hasiera batean nahastu egin baldin bazen ere, bigarren txartel horia erakutsi zion. Hasiera batean beste jokalari bati erakutsi zion txartela epaileak, baina marrazainak aginduta akatsa zuzendu eta aldageletarako bidea erakutsi zion.

Ez zen ezer gehiago izan Karla Lekuonan. Hiru puntu garrantzitsu lortu zituen Anaitasunak Oiartzunen, eta bolada txarraren txanponari buelta ematea lortu du. Goiko postuetako taldeek kale egin dutela baliatuz berriz ere bigarren postuan kokatu dira gureak. Datorren jardunaldian zaleen aurrean arituko da, Real Union jasoko baitute Quindosenek. Irundik urrun garaipen bakarra eskuratu dute irundarrek, hain zuzen Oiartzunen. Gureek berriz etxeko azken jardunaldian egindako estropezutik jaiki eta hartu berri duen bide honetatik jarraitu behar du, zuzeneko bidea baita.