Zigor handiegia etxean

Anaitasuna CD 2
Zarautz 4

Zarauztarrek bi goleko aldea lortu baldin bazuten ere, Anaitasunak neurketa berdintzea lortu zuen, baina kostaldekoen hirugarren golak jota utzi zuen Igor Quindosen taldea eta zarauztarrek hori baliatzen jakin zuten hiru puntuak lortzeko

Zarautz izan da azkenean Txerloian lehen puntuak batu dituen lehen taldea. Txapelketa honetako bisitaririk arriskutsuena zuten gureek aurrean eta halaxe izan zen. Txerloiara iritsi aurretik zazpi puntu zituen batuak Zarautzek etxetik kanpo, eta atzo beste hiru puntu batuta, Anaitasuna baino bi gutxiagorekin bosgarren posturaino gerturatu dira.

Orain arte ikusitako neurketan aldean desberdina izan zen atzokoa, deskribatzen zaila den horietakoa. Goiz hartu zuten aurrea zarauztarrek, 6. minuturako aurretik baitziren. Area ertzean Markel aurkari bat atzean uzten saiatu zen, baina aurrelari zarauztarra argi ibili eta baloia lapurtzea lortu zuen, gero Xubanen aurrean jokaldia ondo amaituz huts eta batekoa egiteko.

Ordura arte neurketako jokalari dinamikoenetakoa Mikel Arzalluz ari zen izaten, baina atzokoan zortea ere ez zuen lagun izan taldeak, 20. minuturako aldaketa eskatu behar izan baitzuen aurrelariak. Iztar atzean tiroi edo uzkurtze bat izan zuen, eta bere ordez Mendizabal sartu zen zelaira, gero berdinketaren gola lortuko zuen jokalaria hain zuzen.

Huts eta batekoarekin taldea ez zen arrisku nabarmenik sortzeko gai izan, baina 29. minutuan iritsi zen bat. Ander Arabaolazak eskuin hegaletik erdiraketa ona atera zuen azpi-azpitik. Area barruan Mendizabal eta Elorza ziren. Lehena ez zen iritsi errematea egitera, baina bai bigarrena, eta bere jaurtiketa zutoinaren ondotik kanpora joan zen.

Ondoren zarauztarrak izan ziren Xubanen atera arriskua eraman zutenak. Atezain gaztearen gelditu batek eta errematerik gabeko erdiraketa batek izua sortu zuten Txerloian, baina 32. minutuan Zarautzi aldea handitzeko aukera emango zion penaltia adierazi zuen epaileak. Unaik egindako penaltia ikusi zuen nonbait epaileak, eta kapitainari txartel horia atera zion horiz jantzitako gizonak. Oparia ez zuten alferrik galdu zarauztarrek eta zutoinaren laguntzarekin baloia sareetara bidali zuten bigarren gola markagailura igotzeko.

Orduan Igor Quindosek aldaketa batzuk egin zituen sisteman. Arriskua hartu beharrean aurkitu zuen bere burua entrenatzaileak eta atzean hiru gizon utzi eta erasora joan zen beldurrik gabe. Egin beharreko aldaketa zen, zalantzarik gabe, eta hein batean asmatu zuen. Atsedenaldia iritsi aurretik gol bat oso garrantzitsua izango zenaren sentsazioa zegoen Txerloiako harmailetan, eta Izagirrek sentsazio horiek egia bilakatzea lortu zuen 43. minutuan, area barruan egindako bi erremateetatik azkena gola egitea lortuz

Futbolean segundu baten aldatzen dira gauzak, eta Zulaikaren ordez zelairatu berria zen Ander Pastrian segundu hori aprobetxatzetik gertu izan zen atsedenaldiaren aurretik berdinketa ezartzeko. Area ertzean buruz ondo borrokatu zuen aurrelariak baloia, eta BeƱat Landari iritsi zitzaion burura, honek berriz Ander Pastriani pasea egiteko. Pastrianek, ordea, atezainarekin egin zuen topo, oinekin sekulako gelditua egin baitzion. Markagailuan beste zerbait ikusteko aukera izan baldin bazen ere, gutxienik aldea murriztea lortu zuen taldeak, eta ez zen gutxi izan.

Bigarren zatiaren hasiera, berriz, hotza izan zen aukeren aldetik eta grisa bere osotasunean. Harmailetan batu ziren zaleek lehen zatiaren amaierako erritmo eta aukera sorta ikusi nahi zituzten, baina taldeak pazientziarekin heldu zion bigarren zatiari eta 69. minutura arte ez zen golik ikusiko zelaian. Aramendik ezker hegaletik sekulako erdiraketa egin zuen areara eta Mendizabalek, atzetik aurrera eginez, lehen zutoinetik baloia sareetara bidali zuen. 20 minuturen faltan nahikoa denbora zegoen edozer gertatzeko, eta halaxe izan zen.

Anaitasunak aurretik jartzeko aukera bat ere izan zuen gainera 75. minutuan. Markelek luze ateratako alboko sake batetik egin baitzuen min taldeak. Elorzak buruz ederki laga zion baloia Mendizabali area txikian, baina larri iritsi zen aurrelaria oina sartzera eta bere azken jaurtiketak atearen alboko sarean jo zuen.

Aurreko astean Tolosan gertatu bezala, aste honetan ere gauza berdina gertatu zaio taldeari. Barkatu egin zuen bere aukera eta hurrengo jokaldian zarauztarrek gola egitea lortu zuten. Atezainak ateko-sakea luze jo zuen, eta bote handi bat tarteko zarauztarren aurrelaria Xubanen aurrean bakarrik gelditu eta baloia bere gainetik sareetara nola sartzen zen ikusi zuen.

Hirugarren gol honek jota utzi zuen taldea eta ordura arteko aukerak eta jokoa hor amaitu ziren. Unaik izan zuen korner batean aukera, baina burukada zutoinaren albotik kanpora joan zen. Berriz ere gureen aukera batetik besteenera pasa zen neurketa, eta 89. minutuan zarauztarrek ateratako korner batetik iritsi zen bi eta laukoa. Bigarren zutoinera egin zuten sakea kanpokoek, eta aldaratzean zen gizonak azpi-azpitik eta zutoinaren ondotik neurketako azken gola egitea lortu zuen.

Denboraldiko lehen porrota jaso zuen etxean taldeak. Tolosakoaren ostean kolpe gogorra izan zen atzokoa ere, baina datorren astean Oiartzungo Karla Lekuona futbol zelaian zer egiteko gai diren erakusteko beste plaza bat dute aurrean. Orain arte futbol eta joko ona egiteko gai direla erakutsi digute gure mutilek, eta hemendik aurrera ere ez dute ezinik izango. Buruak goian dituztela lanean jarraitu beharrean dira gure mutilak.