Lehen porrota Tolosan jaso du Anaitasunak

Tolosa 2
Anaitasuna CD 0

Lehen zatiak ez zuen agintaririk izan, baina Tolosak izan zuen aukera bakarrenetakoa baliatu zuen markagailuan aurretik jartzeko. Bigarren zatia Anaitasunak kontrolpean izan zuen neurketa, aukerak eginez, baina ez zuen neurketa berdintzerik lortu

Liderraren etxean jaso du denboraldi honetako lehen porrota Anaitasunak. Lehen zatian orekatuagoa izan zen eta Tolosak aukera gutxi egin zituen arren, izan zuen gutxietako bat baliatzea nahikoa izan zuen atsedenaldira aurretik joateko. Bigarren zatiak, berriz, kolore gorria izan zuen nagusi Berazubi futbol zelaian. Igor Quindosen mutilek etxekoen zelaian pasa zituzten minuturik gehienak. Aukera asko eta nahiko garbiak sortu zituzten, baina amaiera ematea falta izan zitzaien soilik gure mutilei. Ez ziren fin ibili atearen aurrean, eta Tolosak partida luzapenean zela bigarrena egitea lortu zuen. Aipatzekoa izan zen beste behin Anaitasunako zaleen erakustaldia. Hooligans Anai taldeaz gain, herritik joanda jendetza elkartu baitzen Tolosan.

Lehen zatian jarioa falta izan zitzaion taldeari. Asko kostatu zitzaien Quindosen mutilei tolosarren atzeko lerroa gainditzea, baina gureak izan ziren atearen aurrean lehen abisua ematen lehenak. Aukera bikoitz batekin estu hartu zituzten etxekoek. Lehena Ander Arabaolazak ezkerrez egindako jaurtiketatik etorri zen, baina bere jaurtiketa tolosarren atezainak urruntzea lortu baldin bazuen ere, aldaratzea Mikel Arzalluzi etorri zitzaion atzetik aurrera eginez, baina baloia zutoin ondotik poliki-poliki kanpora joan zen.

Baina futbolean hamaika bider gertatu dena gertatu zitzaion Anaitasunari. Barkatu ostean, aurkaria izan zen gola egitea lortu zuena. 21. minutuan etxekoek aurrea hartu zuten, atzelarien bizkarrera egindako pase baten ostean eta aurrelariaren abiadura baliatuz Xuban gainditzea lortu zuten tolosarrek.

Golaren ostean minutu benetan kaxkarrak egin zituen taldeak, eta pare bat gol-aukera batzuk izan zituzten etxekoek, nahiko garbiak. Hala ere, nahikoa azkar erreakzionatu zuen taldeak, eta burua altxatuta bere jokoa egiteari ekin zion berriz ere. Aukerak egitea kostatu zitzaion taldeari, baina 39. minutuan Mikel Arzalluzek banakoa egiteko aukera izan zuen. Area ertzean jaso zuen baloia ondo babestu zuen gorputzarekin, eta Unairi utzi zion aurrez. Unaik area barrura egin zion pasea, eta Mikel Arzalluzek egin zuen jaurtiketa zutoinaren ondotik kanpora joan zitzaion zuzenean.

Aldageletara bat eta hutsekoarekin joan ziren bi taldeak, baina bueltan onerako aldatu zen taldea. Partidaren kontrola hartu zuen Quindosen taldeak, Tolosa atzean jarri baitzen markagailua babeste aldera, eta ondo irten zitzaion plana. Lehen aukera etxekoena izan zen, baina Xubanen gelditu ikusgarri batekin bi eta hutsekoa ekidin zuen.

Baina esan bezala, aukerak eta bata bestearen atzetik egin zituen taldeak. Lehena Mikel Arzalluzek egin zuen. Talde jokaldi baten ostean, area ertzean Aramendi hainbat atzelariren artetik sartu zen eta pasea Mikel Arzalluz berak jaso zuen. Jaurtiketa egitea lortu baldin bazuen ere, ez zion behar adinako indarrik eman jaurtiketari. Hurrengo aukera Iñigo Arzalluzena izan zen. Unai Aranbarrik eskuin hegaletik ezker aldera aldatu zuen jokoa goitik, eta Iñigo Arzalluzek baloia jaso, atzelaria atzean utzi eta jaurtiketa egitea lortu zuen, baina zutoin albora egindako jaurtiketa atezainak kornerrera bidaltzea lortu zuen.

Tolosa oso gutxitan iritsi zen Xubanen ate ondora, baina iritsi denean aukera nabarmenak egin zituen. Horrelako batean gertu izan zuen bigarren gola, baina Izagirrek gola ekiditea lortu zuen jada Xuban gaindituta zegoela eta baloia sareetara bidean zela. Korner horretan bertan, berriz ere, aukera egin zuten etxekoek, baina errematea gora joan zitzaien zorionez.

59. minutuan, berriz, Anaitasunaren erantzuna etorri zen aukera bikoitz batekin. Lehena Mikel Aramendik izan zuen. Hegaletik barrura egin zuen erdilariak, eta atzelariak atzean utzi ostean jaurtiketa egiteko modua aurkitu zuen, baina atezainak urruntzea lortu zuen. Aldaratzea Iñigo Arzalluzek jaso zuen, ordea, ezker hegalean eta erdiraketa aparta egin zuen arren, Anderren errematea tolosarren atezainaren eskuetara joan zen. Aramendik minutu batzuk geroago izan zuen azken honen antzeko beste aukera bat, baina jaurtiketa hori ere atezainak bere egitea lortu zuen azkenean.

Neurketa argitasuna galduz joan zen eta tolosarren argiteriak ere ez zuen behar bezala erantzun. Azken hamabost minutuak ilunpetan jokatu behar izan zituzten jokalariek, argirik ez baitzen izan eta agian erabakirik logikoen neurketa bertan behera uztea zen arren, epaileak ez zuen horrelako erabakirik hartu eta jokoak bere horretan jarraitu zuen. Argiak goitik ematen ez zuenean behetik etorri zen ia Anaitasunarentzat, berdinketa lortzeko azken aukera izan baitzuen zelairatu berria zen Ander Pastrianek. Markelek ezker hegalean hartu zuen baloia, area barrura sartu zen eta Ander Pastriani egin zion pasea. Aurrelariak hainbat atzelari utzi zituen atzean, baina azken jaurtiketa egitear zela kendu zioten atzelariek baloia.

Ondoren Tolosaren azken saiakeran bi eta hutsekoa etorri zen. Ezker hegalean baloia ostu eta erdiraketa egitea lortu zuten etxekoek eta erdiraketa horretatik iritsi zen bigarrena. Aurrelariak bakarrik buruz errematea egin zuen, azken bi eta hutsekoa ezartzeko. Taldeak kolpea jaso zuen Tolosan, baina kolpeetatik irteteko gaitasuna dutela ikusi dugu behin baino gehiagotan eta horretarako aukera datorren larunbatean izango dute gureek, Zarautz jasoko baitute Txerloian. Etxetik kanpo zazpi puntu atera dituzte zarauztarrek eta aurkari arriskutsua izango da Anaitasunarentzat.