Hirunaka Txerloian

Anaitasuna CD 3
Getariako KETA 0

Taldea ohituta gaituena baino erritmo baxuagoan aritu zen arren, ez zuen zailtasunik aurkitu Getariako KETA mendean hartzeko

Txerloia gotorleku bihurtu du Ohorezko mailako taldeak eta beste garaipen bat eskaini zien zaleei, oraingoa Getariako KETAren aurka. Orain arte ikusitakoa baino erritmo baxuagoan aritu zen Igor Quindosen taldea, baina ez zuen inolako zailtasunik aurkitu getariarren ate ingurura hurbiltzeko.

Kontrolpean izan zuen neurketa taldeak eta estu hartu zuen Getariako KETA, uneoro baloia oinetan izan zuelako eta izan ez zutenean presioa goiko lerroetatik hasten zutelako. Orain arte ikusitakoa baino motelago aritu zen taldea eta jendea gaizki ohitzen ari den joku ikusgarririk ere ez zuen eskaini.

Getariarrek eman zuten lehen abisua. Kanpotarren aurrelaria hegaleko sake bat baliatzear egon zen, baina buelta erdian egindako jaurtiketa zentimetro gutxigatik kanpora joan zen zuzenean. Anaitasunaren lehen gola 24. minutuan iritsi zen. Elorza eta Mendizabalek Getariako azken atzelariarekin ondo borrokatutako baloia Mendizabalek ostu zuen, eta atezainaren aurrera iritsi zenean baloia maisuki loratu zuen eskuinez bat eta hutsekoa egiteko. Geldikako baloietan ere min egin zuen taldeak, eta Unaik gertu izan zuen minutu batzuk geroago bi eta hutsekoa.

Atsedenaldiaren ostean, hobeto aritu zen taldea aukerei dagokionez. Errazago iritsi ziren getariarren ate ingurura eta aukera dexente sortu zituzten. Bigarren golaren aurretik Aramendik izan zuen aukera. Tomaok egindako joko aldaketa baliatuz, atzelaria baino lehenago iritsi zen baloira eta hau ere, Mendizabalek egin bezala, baloia loratu eta atezainaren gainetik gola egiten saiatu zen. Kanpora joan zitzaion, ordea, azken jaurtiketa Aramendiri.

Partida erabakita utziko zuen gola Beñat Landak egin zuen 51. minutuan. Bisitarien area inguruan borroka eginez baloi arriskutsua berreskuratu zuen Anaitasunak eta Oier Elorzak Beñat Landari area barrura pasea egin eta Landak azpitik bi eta hutsekoa egin zuen. Neurketak ez zuen kolorerik izan ordura arte, eta bigarren zatia hasi eta sei minutura erabakita utzi zuen partida.

Iñigo Arzalluz ez zen beste neurketetan izan duen inspirazioarekin ibili, baina hain gustukoa duen kanpotik barruranzko jokaldi batean jaurtiketa indartsua ateratzea lortu zuen hegaleko jokalariak. Ezkerrez egin zuen jaurtiketa Iñigok, baina gora joan zen zuzenean. Aramendik beste aukera bat ere izan zuen. Hegaleko falta azkar atera zuen Iñigo Arzalluzek eta ezustean harrapatu zituzten getariarrak. Aramendik egindako jaurtiketa zutoinaren ondotik kanpora joan zen.

Getariako KETA taldeko jokalariak ezustean harrapatu zituen jokaldia 84. minutuan etorri zen. Taldea eroso ari zen, jokatzean zentratu zen itsu-itsuan beste gol bat egiten saiatu ordez, eta lan horrek bere saria jaso zuen. Atzetik eta hegal batetik bestera eginez, ondo eraman zuen jokaldia Anaitasunak. Eskuin hegalean Aitor Zulaikak jaso zuen baloia, eta birritan pentsatu gabe zelai erditik jaurtiketa egitea erabaki zuen. Atezaina lo harrapatu zuen, eta ziurrenik jardunaldi honetako golik dotoreeena egitea lortu zuen eskuin hegaleko atzelarIak.

Ordurako ondo lokartua zuen neurketa taldeak, eta azken minutuetan lasaigo aritu zen taldea beste hiru puntu garrantzitsu lortzeko. Etxean jokatutako lau neurketak irabazi ditu taldeak eta nola gainera. 15 gol egin ditu taldeak Txerloian Hernani, Ostadar, Euskalduna eta azkena Getariako KETAren aurka, eta bakarra jaso dute oraindik.

Atzoko garaipenak goiko postuetan jarraitzeko baimena emateaz gain, Tolosari, hain justu datorren jardunaldian bisitatutako duten taldeari presioa sortzeko aukera eman dio Quindosen taldeari. Liderrak dira tolosarrak une honetan, nahiz eta jardunaldi honetan bertan lehen porrota jaso duten Touring taldearen aurka.