Gehitzen jarraitzeko puntua Mutrikun

Mutriku 1
Anaitasuna CD 1

Partida trabatua izatea proposatu zuen Mutrikuk eta Anaitasunak zailtasunak aurkitu zituen arren, bigarren zatian puntu bat batzea lortu zuen

Mutriku atzean sendo jarrita irten zen San Miguel futbol zelaira eta geldikako jokaldiak baliatu zituen Anaitasunari min egiteko. Modu horretan, korner batean gola egitea lortu zuten etxekoek, Anaitasuna Liga Txapelketa honetan lehenengo aldiz markagailuan atzetik jarriz. Taldeak futbolean egiteaz gain aurka zuen markagailuari erantzuteko gaitasuna erakutsi zuen zelai itxi eta zail batean, eta gehitzen jarraitzeko puntu garrantzitsua lortu zuten Igor Quindosen mutilek.

8. minutuan lortu zuten etxekoek aurretik jartzea. Ezker hegaletik ateratako kornerra zuzenean sareetara bidali zuten mutrikuarrek, gol "olinpikoa" eginez. Kolpe gogorra izan zen taldearentzat, baina minutuek aurrera egin ahala zelaian kokatu eta partidaren kontrola hartu zuen taldeak. Aurrean hormarekin alderatu daitekeen Mutriku gogor bat aurkitu zuen taldeak eta zailtasun handiak jarri zizkion area ertzera iristeko. Minutuek aurrera egin ahala Anaitasuna hobeagoa ikusi zen, jokatu behar zen futbolera jokatuz, baina ez zen gai izan mutrikuarren atea zulatzeko.

Bigarren zatian, bestalde, erritmo handiagoarekin zelairatu ziren Igor Quindosen mutilak eta hori nabarmen ikusi zen berdegunean, partida kontrolpean izan baitzuen taldeak. Aldaketa bat ere egin beharra izan zuen Quindosek, Oier Beitiak min hartu baitzuen iztar atzean. Bere lekuan Tomao irten zen. Anaitasuna irmotasun gehiagorekin etxekoen area ingurura hurbiltzen hasi zen, nahiz eta aukera garbiak ikusteko azken minutuetara arte itxaron behar izan zuten zaleek.

Gola iritsi aurretik, ordea, aukera gutxi batzuk sortzea lortu zuen taldeak. Lehena jokaldi trabatu batetik etorri zen. Ezker hegalean lortutako baloia zelai erdian zegoen Iñigo Arzalluzi iritsi zitzaion, eta honek atzelarien artetik Mikel Arzalluzi pasea egitea lortu zuen. Honek atezaina atzean utzi eta baloia sareetara bidali zuen, baina epaileak jokoz kanpokoa adierazi zion aurrelariari. Zalantzarako jokaldia izan zen azken hau.

 

 

Beste hiru aldaketa ere egin zituen gorrixen entrenatzaileak. Ander Arabaolaza, Mikel Pastrian eta Ioannes Garate zelairatu zituen Quindosek, eta denen artean gola egitea lortu zuten 75. minutuan. Ezker hegaletik Markelek jokoan jarritako alboko sake batetik etorri zen Ander Arabaolazaren gola. Markelek Mikel Pastrianekin jarri zuen jokoan baloia eta honek ondo borrokatuz Unaik jaso zuen baloia area ertzean. Etxekoen atezainak baloia eskuan hartzea espero zenean, opari ederra egin zion Anderri eta honek egon behar zuen lekuan egonda buruz atezainaren gainetik banakoa egitea lortu zuen.

Asko balio zuen puntua lortua zuen Anaitasunak ordurako, baina gehiagoren bila joan zen eta izan zituen aukerak horretarako. Lehena Mikel Aramendiren jokaldi pertsonal batean. Zelai erdi atzetik eta ezker hegalean hasi zuen jokaldia taldeak Aramendiren bitartez, eta taldeak baloia ondo mugituz Aramendi berak area ertzean jaso zuen baloia, beste aldeko hegalean. Kanpotik barrura eginez hainbat atzelari utzi zituen atzean Aramendik, eta jaurtiketa egin baldin bazuen ere, atezainak urruntzea lortu zuen.

Azken aukera Ioannes Garatek izan zuen. Etxekoen aldeko falta zen jokaldia Anaitasunaren kontraerasoarekin amaitu baitzen. Hain zuzen Iñigo Arzalluzek atzelarien bizkarrera egindako pasea jaso zuen Ioannesek mutrikuarren area ertzean eta barrura sartzea lortu baldin bazuen ere, jaurtiketa gehiegi gurutzatu zuen.

Ez zen gehiagorako astirik izan San Miguel futbol zelaian eta puntu banaketarekin amaitu zen neurketa. Taldeak porrotik ikusi gabe jarraitzen du eta hurrengo astean beste hiru puntu lortzeko aukera polita izango dute Quindosenek. Sailkapenean azkeneko postuan dagoen Getariako Ketaren aurka neurtuko dituzte indarrak gureek. Getariarrak aurten igo dira Ohorezko Maila honetara eta hasiera gogorra egiten ari zaie, jokatutako sei neurketak galdu baitituzte. Gureek, berriz, bigarren postuari heldu eta hemendik bi astera bisitatuko duten Tolosa liderrari presioa sartzea dute helburu.