Etxean geldiezinak

Anaitasuna CD 3
Euskalduna 0

Euskalduna partida alda zezakeen gola egitear egon zen lehen zatiaren hasieran, baina Astiren geldituek eta taldeak erakutsitako patxadak beste hiru puntu poltsikoratzeko balio izan zuten

Lehen zatia amaitzerako partida ia erabakita utzi zuen Anaitasunak. Hasiera gogorra eman zioten neurketari andoaindarrek eta estu hartu zuen Igor Quindosen taldea une batean, baina taldeak erantzuteko gaitasuna azaleratu zuen eta menpean hartu zuen Euskalduna.

Pazientzia handiarekin jokatu zuen partida Anaitasunak, Euskaldunaren aurkako neurketak eskatzen zuen bezala. Andoaindarrak atzean sartuta kontraerasoak eta geldikako jokaldiak baliatzeko asmo garbiarekin zelairatu ziren Txerloiako futbol zelaira eta gertu izan zuten gola 8. minutuan. Jokaldi nahasi batean Astiren aurrean errematea egitea lortu zuen kanpokoen jokalari batek, baina ez zuen behar bezala egin eta Astik oinekin baloia atepetik ateratzea lortu zuen. Horixe izan zen Euskaldunak Txerloian egin zuen aukerarik garbiena, minutuek aurrera egin ahala Anaitasunak aginte-makila hartu eta andoaindarrak ezkutatzea lortu baitzuen.

IMG 2039

Taldeak zaleak agurtu zituen unean(Argazkia: Maialen Arzalluz)

Espazio gutxi utzi zuen Euskaldunak, talde guztia zelai erditik atzera jarrita itxarotea erabaki baitzuen, baina Anaitasunak bere uneak baliatzen jakin zuen. Markelek egindako paseetatik sortutako jokaldiak izan ziren gureen lehen saiakerak. Lehena Anderrek izan zuen, baina atezainaren aurrean bakarrik utziko zuen kontrolak azken unean egin zion ihes. Gutxika-gutxika iristen hasia zen Anaitasuna eta 26. minutuan egin zuen bat eta hutsekoa. Jokoa ezker hegaletik eskuin hegalera eraman zuen taldeak, Iñigo Arzalluzekin jokatzeko. Honek hegaletik barrura egin zuen abiadura baliatuz, ezkerrez azpitik arratsaldeko lehen gola egiteko.

Bigarren gola atsedenaldia iritsi aurretik egin zuen Anaitasunak. Bitartean, ordea, kontrolpean izan zuen neurketa taldeak eta ez zen gehiegi arriskatu aurkariaren areara sartzerako orduan. Ez zuen aukera garbirik egiterik lortu, baina 43. minutuan etorri zen bi eta hutsekoa. Markel Eskurtzak bikain ikusi zuen Anderrek ezker hegalean egin zuen mugimendua, eta aurrelariak abiadura baliatuz Euskalduna taldeko atzelaria atzean uztea lortu zuen. Jokaldia nahi baino gehiago zaildu bazitzaion ere, erdiraketa egitea lortu zuen eta ondo borrokatutako baloia Iñigori iritsi zitzaion azkenean. Bigarren zutoinean zen hegaleko jokalaria eta jaurtiketa gurutzatuz bi eta hutsekoa egin zuen Anaitasunarentzat. Gol garrantzitsua zalantza izpirik gabe.

 

Bigarren zatia motelagoa izan zen, baina badaezpada beste hiru puntu emango zizkien partida itxita uztea erabaki zuen. 54. minutuan ezer ez zegoen jokalditik lortu zuen Anaitasunak gola. Taldeak atzetik urrundutako baloi bat andoaindarren atezainari iritsi zitzaion, honek atzelari batekin jokatu zuen, baina Anaitasunak goian hasi zuen presioa Ander eta Mikel Arzalluzen bitartez. Atzelariak ezinbestean berriz ere atezainarekin jokatu behar izan zuen, baina honek kontrol txarra egin zuen Mikel Arzalluz gainean zuelako eta berriz atzelari berdinari egin zion pasea. Ander ordea atzelariaren gainean agertu zen eta baloia ostu ostean hegaletik barrura eginez Iñigo Arzalluzekin jokatu zuen. iñigok bat-bikoa egin zuen atzelarien artetik Anderri pase zoragarria sartuz eta honek atearen aurrean aurrelari batek behar duen sena eta hoztasuna erakutsi zituen ezkerrez Euskaldunako atezaina gainditzeko.

Hiru eta hutsekoarekin asko erlaxatu zen taldea eta ez zuen erakutsi gol gehiagoren bila joateko nahirik. Jokatzean zentratu zen, partida kontrolatu eta patxadaz amaiera emateko. Euskalduna metro batzuk aurreratu zen markagailuak eskatzen zien bezala, baina Astiren area inguruan ez zuten inolako arriskurik sortzerik lortu.

Datorren jardunaldian beste zelai zail batean jokatuko du taldeak. Mutrikuko San Miguel futbol zelaian jokatuko dute Quindosen mutilek eta jarraian lortuko luleten bosgarren garaipenaren bila joango dira bertara. Orain arte sendo agertu da Mutriku, azken jardunaldiko neurketa kenduta denak irabazi baitituzte Mutrikuarrek. Partida zaila izango da, baina gureek orain arte egin bezala erantzungo dute.