Urre koloreko hiru puntu Ordizian

Ordizia 0
Anaitasuna CD 1

Lehen zatian taldeak markagailuan aurretik jartzeko aukerak egin zituen arren, Altamirako futbol zelaira hurbildu ziren zaleek luzapenera arte itxaron behar izan zuten Anaitasunari hiru puntuak emango zizkion gola ikusteko

Etxetik urrun lehen garaipena lortzeko eta bide batez sailkapeneko goiko postuetan jarraitzeko baimena eman zion Anaitasunari Beñat Landak luzapenean egin zuen golak. Lehen zatian aukerak eta asko izan zituen taldeak baina azken metroetan patxada falta izan zitzaion erabaki onak hartzeko. Bigarren zatian etxekoak gorrixek baino hobeto zelairatu ziren eta estu hartu zituzten gureak une batez, nahiz eta azkenerako gureek partida kontrolpean izan zuten.

Lehen zatian etxeko taldea baino gehiago izan zen Anaitasuna eta aukerak izan zituen atsedenaldira iritsi aurretik aurretik jartzeko. Aukeretako bat ezker hegaletik etorri zen. Mikel Arzalluzek bere atzelaria atzean uztea lortu zuen eta egin zuen erdiraketa Mikel Aramendiren oinetara iritsi zen. Honek jaurtiketa indartsua egin zuen zetorkion bezala, baina atezainari gainera etorri zitzaion baloia eta ez zuen arazorik izan gelditzeko.

Beste aukera garbia landutako korner batean etorri zen. Iñigo Arzalluzek eskuin aldetik jarritako baloia baliatzear izan zen Unai, baina bere burukada gutxigatik atezainaren eskuineko zutoinaren ondotik joan zen. Minutu onak egin zituen Quindosen taldeak lehen zatiaren erdialdean, baina Ordiziak ere izan zuen aukera bat, oso garbia gainera. Eskuin hegalean atzelarien bizkarrera azpitik botatako pase batetik sortu zuten arriskua etxekoek, Beitia atzean utzi eta area barruan atzera pasea eginez. Atzetik aurrera eginez zetorren etxekoen jokalari bat, eta honen jaurtiketak Asti atezainak zaintzen zuen atearen ezkerreko zutoinean jo zuen zorionez.

Bigarren zatiari ez zion nahi bezala ekin taldeak. Ordiziaren esanetara aritu ziren gureak eta asko kostatu zitzaien ordiziarren area ingurura iristea. Patxada gutxi izan zuen baloiarekin bigarren zatiko lehen minutuetan eta horrek zeresan handia izan zuen jokoan. Hala ere minutuek aurrera egin ahala etxekoen sua itzaltzen joan zen eta Anaitasunak aurrera egin zuen pixkanaka.

Azken 30 minutuetan Quindosek zuzentzen duen taldeak berriz ere partidaren kontrolatu hartu zuen eta arriskua sortzen hasi zen. Bi hegaletatik min egiten jarraitu zuen taldeak eta bigarren zatian zelairatu zen Ander Pastrianek markagailua zulatzeko aukerak izan zituen. Aurrelari gazteak ez zuen asmatu atearen aurrean eta partida hutsean iritsi zen luzapenera.

Futbolean, ordea, 90 minutuko iraupena izaten dute partidek eta Anaitasunak epailearen azken txistua entzun arte borrokan jarraitu zuen. Luzapeneko bigarren minutuan Anaitasunak kornerra lortu zuen eta hortik etorri zen garaipenaren gola. Ioannes Garatek hartu zuen kornerra ateratzeko ardura eta arean Ordiziako jokalari asko egon arren, ez zuen alferrik galdu aukera taldeak. Esan bezala Ioannesek jarri zuen baloia jokoan, Markelek errematea egin zuen, baina ez nahi bezalakoa eta Landari iritsi zitzaion baloia, errematea gurutzatu eta Anaitasunari urrezko hiru puntu emango zizkion gola egiteko.

Ez zen orain arteko partidarik borobilena izan, baina bai amaiera pozgarriena izan duena. Azken minutuetan gola egin eta gainera hiru puntu lortzeko baldin bada, beti izaten da garrantzitsua. Txerloian lanak egin zituen taldeak Hernani eta Ostadarren aurka bi garaipen sendo lortuta, eta orain etxetik kanpo lehen hiru puntuak bereganatu ditu taldeak. Lau jardunaldiren ostean, 10 gol egin ditu, bakarra jaso du eta denera 10 puntu batzea lortu du taldeak. Aurreko denboraldiarekin alderatuta lau puntu gehiago ditu gaur-gaurkoz Anaitasunak.

Datorren jardunaldian sailkapenean puntan den beste aurkari bat izango du Anaitasunak. Andoaingo Euskalduna jasoko du Quindosen taldeak. Neurketa gogorra izango da, izan ere mailaz igo berria den arren Anaitasunak bezala 10 puntu dituzte andoaindarrek.