Golak eta puntuak Anaitasunarentzat

Anaitasuna CD 5
Ostadar 0

Anaitasunak ez zuen Hernaniren aurkako partidan bezalako joko distiratsurik egin lasartearren aurrean, baina ate aurrean fin ibili ziren beste behin

Igor Quindosek zuzentzen duen taldeak golak egiten jarraitzen du eta larunbatean bost egin zizkion Ostadarri Txerloian. Ez zuen aurreko jardunaldian Hernaniren aurka erakutsi zuen jokoak bikainik izan, baina aukerak sortu eta baliatzeko duten erraztasunak puntuak ematen jarraitzen du.

LetamendiaArgazkia

Ohorezko mailako jokalariek Jon Letamendiari jubeniletako jokalariari animoak eman zizkioten, bere lesioa baieztatu baita

Lehen zatia ez zen hain ona izan. Jario gutxiko jokoa erakutsi zuen Anaitasunak. Bereziki lehen 15 minutuak izan ziren kaskarrak, ondoren hobera egin baitzuen taldearen jokoak. Ostadarrek ere ezusteko bat eman zuen area barrura bakarrik iritsi eta jaurtiketa egin zuenean, baina gehiegi gurutatzu zuen eta Anaitasunaren zorionerako kanpora joan zen baloia.

Ondoren bai, erasokorrago aritu zen taldea eta golen ordua iritsi zen. 27. minutuan Zulaikak hegaleko sakea atera zuen eta Iñigo Arzalluzek gorputzarekin babestu zuen baloia zelaiaren erdialderaino joaten utziz, gero ezustean ezkerrez jaurtiketa egin eta Anaitasunaren lehen gola egiteko. Sekulako gola egin zuen gorrixen hegaleko jokalariak. Golaren ostean partidaren jabetza Quindosen mutilena izan zen eta gero eta arriskutsuagoa izan zen taldea.

Ostadarrek beste aukera bat ere izan zuen. Zelai erdian baloi galtze arriskutsua egin zuen Anaitasunak eta area barruraino iristea lortu zuten lasartearrek. Kanpokoek egindako jaurtiketak ez zuen aterik ikusi ere egin. Anaitasunak bai, ordea, taldeko jokaldi dotorea egin baitzuten beste behin ere. Ezker hegalean hasi zen jokaldia Mikel Arzalluzek Anderri takoiarekin baloia utzita eta honek jokoa eskuinera irauli zuen, han baitzen Iñigo. Baloia jaso eta jaurtiketa indartsua egin zuen atezainaren eskuineko zutoinera, bi eta hutsekoa egiteko.

InigoArzalluz

Iñigo Arzalluz Ostadarren aurkako partidan (Argazkia: Joakin Sudupe)

Emaitza horrekin iritsi ziren atsedenaldira bi taldeak, baina bigarrena hasi bezain pronto itxi zuen partida Anaitasunak. Lehen zatian Iñigo Arzalluz izan zen bi gol egin zituena, eta bigarrenean beste Arzalluz bat. Mikel Arzalluzek 47. minutuan egin zuen hiru eta hutsekoa. Iñigok zelai erdian baloia harrapatu eta Mikeli egin zion pasea. Aurrelariak kontrolarekin blokeatuta atzean utzi zuen atzelaria eta egin zuen jaurtiketa indartsuak ate barruan amaitu zuen.

Bost minutu geroago, 52. minutuan iritsi zen laugarren gola. Jokaldi erabat nahasia izan zen arean eta azken jaurtiketa Mikel Arzalluzek egin bazuen ere, baloiak Ander Arabaolazaren gorputzean jo eta zutoinak lagunduta laugarren gola egin zuen Anaitasunak.

57. minutuan, berriz, bosgarren eta azken gola egin zuen taldeak. Berriz ere Mikel Arzalluz izan zen protagonista. Atzelariei erraz hartu zien bizkarra aurrelariak, eta area ertzean jaso zuen baloia modu ezinhobean loratu zuen atezainaren gainetik eguneko bere bigarren gola egiteko, lasartearren atepeko gizona bere lekutik irtenda baitzen. Ostadar erabat galduta zen zelaian une horretan, eta Anaitasunak triskantza handiagoa egiteko aukera izan bazuen ere, jokoa lasaitu zuen.

Beste aukera garbi bat ere izan zuen taldeak. Ezker hegalean partida osoan min handia egin zuen Aramendik, arearaino bakarrik iristea lortu zuen eta baloia lurretik altxatu eta atezainaren gainetik jaurtiketa egin zuen arren, atearen alboko sarera joan zitzaion. Ostadarrek bigarren zatian behin jarri zuen estuasunean Xuban. Gola egiteko aukera garbia izan zuen Lasarteko taldeak, baina Xuban adi egon zen lurrera jaurti eta oinetatik baloia kentzeko.

Azken aukera, partida amaitzeko minutu gutxiren faltan iritsi zen, zelairatu berriak ziren bi jokalariren artean sortua. Ander Pastrianek ezker hegalean ondo borrokatu zuen baloia eta atzelaria atzean utzi bezain laster erdiraketa egin zuen, baina Ioannesek ez zuen asmatu azken errematearekin eta modu horretan amaitu zen neurketa Txerloian.

Etxeko lanak modu onean egin ditu Quindosen taldeak. Bi partidetan bederatzi gol egin ditu eta bakarra jaso. Balantzea ezinhobea da, baina etxean erakutsi duten erraztasunik ez dute aurkituko Txerloiatik urrun. Datorren astean Ordiziari egingo diote bisita Gerdau Ohorezko mailako taldeak.