Garaipen borobila zaleen aurrean

Anaitasuna CD 4
Hernani 1

Erritmo handia ezarri zuen Anaitasunak eta Hernani ez zen gai izan Anaitasunari aurka egiteko

Garaipen ederra lortu zuen Anaitasunak larunbatean Hernaniren aurka. Lehen zatia bigarrena baino estuagoa izan zen, baina Anaitasuna honek gola duela erakutsi zuen atzokoan eta zati bakoitzean bina gol eginda Hernani menperatu zuen. Momentu txarrak ere izan zituen ordea taldeak, bereziki hernaniarrek beraien gola egin eta aldea murriztu zutenean, baina gola jaso aurretik ari zen bezala jarraitu zuen taldeak lanean bigarren zatian, eta hirugarren gola egin zutenean erabaki zen partida.

Bizkor eta arin jokatzea, hori izan zen atzokoan Anaitasunak etxean hiru puntuak lortu izanaren giltzarria. Taldea baloiarekin ondo moldatzen dela erakutsi zuten atzokoan, nahiz eta eroso sentitu ez zen momentuak ere izan zituen. Hasi eta berehala egin zuen arriskua eskuin hegaletik. Bi hegalak asko ibili zituen taldeak atzokoan eta aurreko gizonen mugimenduarekin dena errazago egitea lortu zuten.

 

Gola egitea ere ez zitzaien asko kostatu. 12. minutuan ezker hegalean Anderrek azpitik atzelarien bizkarrera egindako pasea ezin hobeto amaitzen jakin zuen Mikel Arzalluzek. Abiadura baliatuz atzelariei ihes egitea lortu zuen aurrelari gazteak eta area barrura sartu eta atezaina eta beste aldeko atzelaria atzean utziz baloia sareetara bidali zuen. Gola egin ostean eroso sentitu zen taldea eta baloia ez zuenean presioan Hernani estutzen jakin zuen. Xubanen areara gutxitan iritsi zen kanpokoen taldea.

Bigarren gola ere dotorea izan zen, maisutasun handiz egina. 28. minutuan ezker hegalean Markelek hasi zuen jokaldia, atzelariak Anderrekin jokatu zuen eta honek atzeraka Unairi utzi zion. Unaik atzelari bat atzean utzi zuen eta jokoa norabidez aldatuz Zulaikak jaso zuen baloia. Honek ederki ikusi zuen Mikel Arzalluzek egindako mugimendua, eta berriz ere atzeraka, Anderri utzi zion honek jaurtiketa gurutzatzuz bi eta hutsekoa egiteko.

Hernanik, ordea, bost minutu geroago egin zuen bere gola. Aurrelariak ondo borrokatu zuen baloia area barruan eta Xuban baino azkarrago ibili zen, ezkerrez eta zutoinak lagunduta bi eta batekoa egiteko. 33. minutuan izan zen hori eta atsedenaldira bitartean Hernanik kontrolatu zuen neurketa.

Bigarren zatian gauzak lehen zatian hasi ziren bezala hasi ziren eta Anaitasunak min egiten jarraitu zuen Hernanik erantzunik ematen ez zuen bitartean. Beste behin hegalak urratu zituen min egiteko eta Iñigo Arzalluzen lana aipatzekoa izan zen bigarren 45 minutuetan. Hernaniko atzelariek ez zuten lortu Arzalluz gelditzerik eta erraz iristen zen area ingurura.

Aldaketak egin zituen Quindosek eta hauek ere ederki erantzun zuten. Lehena zelairatzen Elorza izan zen. Erdilaria Ander golegilearen ordez sartu zen berdegunera eta parte-hartze handia izan zuen jokoan. Bere oinetan hasitako jokalditik etorri zen 65. minutuan Anaitasunaren hirugarren gola. Hernaniarren atetik metro batzuetara zela, atzelarien gainetik pasea egiten saiatu zen Elorza, baina hernaniarrek urrundu zuten baloia. Ez ordea nahi bezala, eta Unai atzetik aurrera eginez indartsu sartu zen arean eskuinez Anaitasunaren aldeko hirugarren gola egiteko.

Iñigo Arzalluz izan zen bigarren zatian min egin zuenetako bat eta lau minutu geroago hegaleko jokalaria area barruan jaurtiketa prestatzen ari zela Hernaniko atzelari batek kamisetatik heldu ziolako Anaitasunaren aldeko penaltia adierazi zuen epaileak. Arzalluz bera izan zen jaurtiketa egiteko ardura hartu zuena eta atezainaren eskuin aldera jaurti zuen laugarren gola egiteko. Ordutik aurrera Anaitasunak ondo lokartu zuen jokoa eta ez zuen inongo arazorik izan markagailuan lau eta batekoa mantentzeko.

Garaipen gogoangarria lortu zuen beraz Anaitasunako Ohorezko mailako taldeak goiko postuetan ibiliko den Hernaniren aurka. Taldea gaztea da, baina esperientzia eta kalitatea dutela erakutsi zuten atzokoan. Eta garrantzitsuena, jokamolde bat du taldeak eta horren arabera jokatu eta gozatzen dute Anaitasunaren onurarako. Datorren astean, berriz ere etxean beste hiru puntu lortzeko aukera izango dute Igor Quindosen mutilek Ostadar taldearen aurka.