Sendo liderraren etxean


Urduliz 0
C.D. Anaitasuna 1

 

Balio handiko 3 puntu lortu zituzten gorrixek Urdulizen aurka

 

Denboraldiko laugarren garaipena lortu zuen Xabi Artetxeren taldeak Urdulizen. Pasa den jardunaldian lidertzan aurkitzen ziren bizkaitarrak eta bere bertsio hoberena erakutsi zuten gorrixek zero eta bat gailentzeko.

Partidua erritmo handian hasi zen eta Hirugarren Mailako neurketa gehienetan gertatzen den bezala hasierako minutuetan atzean sendo egoteari garrantzi handia eman zioten bi taldeek. 12. Minutuan iritsi zen Anaitasunaren lehen aukera Barbarinen jokaldi bikain batean eta pixkanaka Artetxek aste osoan zehar jokatu nahi zuen jokora gerturatu ziren. Baloia pazientziaz mugitzen eta baloiari abiadura ematen hasi zen taldea eta Urdulizen zelaian kokatu zen lehen zatian zehar.

Urdulizek taldea oso luzatuta zuenez lineen arteko tarteak aprobetxatu zituzten gorrixek eta min egin zioten trantsizioetan.

30.minutuan iritsiko zen partidako gol bakarra, Xabik berak jaso zuen falta azkar aterako zuen atzelariak ezustean harrapatu eta Mikel Arzalluzek gola sartzeko. Goleko jokaldi bertan min hartu zuen aurrelariak eta ezin izan zuen berdegunean jarraitu.

Golaren ostean, jarrera bikaina erakutsi zuen Artetxeren taldeak, ez zuen atzera egin eta gol bateko abantailarekin joan ziren atsedenaldira.

Bigarren zatian Urdulizek gehiago bultzatu bazuen ere, lehen zatiko jarrera ausarta mantendu zuen taldeak eta aukera gehiago izan zituzten etxekoek baino.

Axik eta Zubizarretak izan zituzten aukera garbienak area barruko jaurtiketekin baina biak gelditu zituen atezainak eta ezin izan zuten abantaila handitu. Urduliz erdiraketekin saiatu zen Mikel Ruizen atea zulatzen eta aukera on bat ere eduki zuten korner batean baina baloia langara joan zen.

Azken minutuetan sufritu arren, garaipen bikain lortu zuen taldeak eta 2021a galdu gabe jarraitzen dute gorrixek.

Larunbatean Lagun Onaken aurkako derbia izango dugu Txerloian. Azpeitiarrek Garmendipen gertatu zenari buelta eman nahiko diote eta Azkoitiarrek aldiz, sailkapenean kokapen bikaina emango zien beste 3 puntu bildu eta etxeko lehen garaipena lortu nahiko dute partidu berezi honetan.