Urteko lehena iritsi da!


Sodupe 0
C.D. Anaitasuna 1

 

Modu ezin hobean hasi dute urtea Xabi Artetxeren mutilek

2020 amaieran, partidu zama handia izan zuten gorrixek eta geldialdia bikain etorri zaio taldeari berriro indarrez bete eta itzuliko jardunari indarberrituta heltzeko.

Neurketa bikaina egin zuen taldeak, aurreneko minutuetan indartsu agertu ziren eta baloia Sodupek hartu arren, ez zuten lortzen Artetxeren aurreneko linea pasatzea eta azkar eta toki arriskutsuan berreskuratzen zuten.

Lehenengo zatian aukera ugari eduki zituzten Soduperen atea zulatzeko baina atzelariek, atezainak eta zutoinak eragotzi zuten.

14’ minutuan iritsi zen gorrixen gola, bandako sakea baliatuz, Mikel Aramendik errematatu zuen Axiren erdiraketa eta atzelari bati jo ostean, aldaratzea barrura bota zuen Mikel Arzalluzek.

Golaren aurrean ez zuen jakin erreakzionatzen Sodupek eta Anaitasunak aukera gehiago eduki zituen abantaila handitzeko baina gehiegi barkatu zuten gorrixek.

Bigarren zatia guztiz desberdina izan zen, etxekoak jarrera erasokorrago bat erakutsi zuten eta Artetxeren mutilek pixkanaka pausu bat atzera eman zuten emaitzari eusteko asmoz. Bigarren zatian ez zuten aukera garbirik eduki bi taldeek, nahiz eta bizkaitarrak gehiago saiatu area kanpoko jaurtiketekin, seguru egon ziren gorrixek atzean eta hiru puntu baliotsu ospatzeko aukera izan zuten igande arratsaldean.

Denboraldiko hirugarren garaipena dute igandekoa eta guztiak etxetik kanpo lortu dituzte. Larunbatean beste aurkari gogor bat jasoko dute Txerloian, Cultural de Durango ain zuzen ere eta etxeko aurreneko garaipena lortu nahiko dute Xabi Artetxeren mutilek.