Deskonektatzea tokatzen da
Pasaia | 1 |
C.D. Anaitasuna | 0 |
Ezin izan zuten punturik lortu urteko azken neurketan
Urteko azken neurketan ezin izan zuten punturik bildu Xabi Artetxeren mutilek. Aste polita bezain gogorra izan dute gorrixek hiru partidurekin eta tamalez, ez dute nahi adina puntu lortu.
Partidu gogorra aurreikusten zuten hasieratik, Pasaia denboraldi bikaina egiten ari da eta etxean galdu gabe amaitu du joaneko itzulia.
Kopako partidutik hainbat aldaketa egin zituen hamaikakoan Xabi Artetxek, zortzi hain zuzen ere. Aurreneko bost minutuetan ondo sartu ziren partidan gorrixek, baina minutuak pasa ahala pixkanaka eroso sentitzen hasi ziren etxekoak eta neurketaren kontrola hartu zuten.
Neurketaren zati handiena Anaitasunaren zelaian jokatu zen, aukera garbirik lortze ez bazuten ere asko bultzatzen zuen Pasaiak eta lehen zatian kornerrak atera eta atera ibili ziren etxekoak. Kornerrekin batera iritsi ziren aukerak Pasaiarentzat eta gureak ere gerturatu ziren etxekoen areara hegaletatik, baina ez zuten lortu aukera garbirik. Partiduan zehar segundu bat atzetik ibili ziren gorrixek.
Bigarren zatia ez zen lehenengoaren oso desberdina izan. Minutuak pasa ahala pixkanaka hasi ziren Artetxerenak aukerak sortzen eta gertu izan zuen gola Ander Arabaolazak sartu orduko. Jaurtiketa atezainak gelditu zuen ordea eta jokaldi honen ostean etorri ziren partiduko minuturik onenak gureentzat.
Hala ere, ez zen nahiko izan eta etxekoek jokaldi nahasi bat aprobetxatu zuten garaipenaren gola sartzeko 85. minutuan. Gorrixek baloia kanpora irten zela eskatzen bazuten ere, epaileak ez zuen ezer adierazi eta eskuin hegaleko jokaldi batetik etorri zen gola hainbat aldaratzeren ondoren.
Burumakur amaitu zuten neurketa azkoitiarrek baina zoriontzea besterik ez zaigu geratzen talde honek eman digun urte amaieragatik.
Joaneko itzuliko azken jardunaldian atsedena tokatzen zaie eta ondo etorriko zaie deskonexio apur bat egun hauetan, 2021ean indartsuago itzultzeko.