Bigarren garaipena jarraian eta lider beste aste batez

Anaitasuna 2
Zarautz  0

 

10ekin egotea ez zen eragozpena izan gorrixentzat garaipena lortzeko 

 Argazkia: Joakin Sudupe

 

1.jardunaldian bi taldeek 3 puntuak lortuta egiten zioten aurre neurketari. Anaitasunaren partidan gol asko egon baziren, Zarautz eta Alaves “B”-k jokatutako partidan 5-4 gailentzea lortu zuten Zarauztarrek.

Partida hasieratik ikusten zen lehia estua izango zela eta neurketak ez zuen huts egin.

Lehen minututik ez zen oso eroso sentitu Gorka Zubizarretaren taldea, Zarautzek presio altua egiten zuten eta ez ziren batere eroso sentitzen. Zarauztarrak hobeto hasi ziren partida eta eroso ikusten ziren zelaian, honek asko zaildu zizkion gauzak gorrixei. Kontraeraso bat mozteagatik txartel gorria erakutsi zion epaileak Enara Anduezari eta partidak itxura txarra hartuko zuela zirudienean, jokaldi polit batetik Eneritz Jauregiren gola iritsiko zen atsedenaldira abantailarekin joateko.

Taldekide bat gutxiagorekin egotean, Anaitasunak emaitzari eusteko ideiarekin irten zuen zelaira baina berehala, Leire Ucinek baloia sareetara bidaliko zuen bi goleko abantaila jartzeko markagailuan. Bigarren goletik aurrera, Zarauztarrak izango ziren baloiaren jabe eta beraiek hartuko zuten partidaren ardura. Gorka Zubizarretaren taldeak ikaragarrizko lana egingo zuen defentsan eta abantaila mantentzea lortuko zuten partidu amaiera arte.

Urrezko 3 puntu lortu zituen taldeak sailkapeneko lidertzan jarraitzeko beste aste batez. Datorren igandean Sestao Riverren aurka jokatuko dute neskek Galindo futbol zelaian 17:30etan.