Iritsi da lehen garaipena!


C.D. Vitoria 0
C.D. Anaitasuna 1

 

Majo sufritu zuten arren, 3 puntuak gorrixentzat izan ziren

 

Hamaikakoan aldaketa asko egin zituen Xabier Artetxek aurreko asteekin alderatuz, astebetean hiru partida jokatzearen zamaren ondorioz, minutuak banatzea erabaki zuten entrenatzaileek eta lehenengoan behintzat bikain atera zitzaien.

Eibarren bigarren taldea helburu handiekin da aurten ere taldea brontzezko ligan kokatzeko helburuarekin, baina Anaitasunak zail jarri zion pasa den larunbatean. Futbol gutxi eta borroka askoko neurketa izan zen, etxekoak ez zuten batere arriskatzen erasoan eta atzeko lerrotik baloia beste zelaian jarri eta bigarren baloia lehiatzean bideratu zuten beraien jokoa. Gorrixek sendo kokatu ziren defentsan eta ez zuten beste asteetako lasaitasuna erakutsi baloiarekin partidaren bilakaerak eraginda.

Bi taldeek neurketa aurkariaren zelaian jokatzea nahi zuten baina bietako inork ez zuenez lortzen nagusitzea, ia partidu osoa zelai erdian jokatu zen eta aukerak oso noizean behin etorri ziren.

Anaitasunak partidu osoan eduki zuen aukera bakarrean egin zuen gola. Aitor Barbarin izan zen protagonista, bi aurkari atzen utzi eta area kanpotik ezkerrez sareetara bidali zuen baloia. Gorrixek emaitzarekin gustura ziren eta atzea ondo ixtean bideratu zituzten beraien indarrak. Vitoriak ere eduki zuen aukera lehen zatian, aurrelaria bakarrik geratu baizen Mikel Ruizen aurrean, baina honek esku bikaina atera zuen Anaitasunaren atea ez zedin zulatu.

Bigarren zatia dinamika berdinarekin hasi eta amaitu zen. Bigarren baloia irabazten zutenean eta areara gerturatzean, ba zirudien jokaldi arriskutsua etor zitekeela baina adi ibili ziren atzean aukera guztiak mozteko. Vitoriak azken minutuetan bultzatu arren, ez zen gauza izan aukera garbirik egiteko eta Artetxeren taldeak urrezko 3 puntu lortu zituen Unben. Garaipenak indarberritu egiten du taldea asteazkenean datorkion partida historikoari begira eta ilusioz josita ikusten dira mutilak.