Akatsak garesti ordaintzen dira Hirugarren Mailan
Anaitasuna CD | 1 |
Ariznabarra | 2 |
Lehenengo zati on bat ez zen nahiko izan puntuatzeko zoritxarrez.
Argazkia: Joakin Sudupe
Denboraldia nola hasi den ikusita, gogotsu ekin zioten mutilek 3.jardunaldiari eta hasieratik ikusi ahal izan zen hori. Xabi Artetxeren taldeak partidaren erantzukizuna hartzea erabaki zuen eta partidua beraien interesetara egokitzea. Arabarrak ez zuten eragozpen handirik jarri horretan eta presioko linea zelai erdi inguruan jartzea erabaki zuten.
Gorrixek erasoen zama ezker hegalean jarri zuten eta Mikel Arzalluz gogor tematu zen Ariznabarrako atzelariari aurre egiten, gehienetan abantaila ateratzen ziolako. Orokorrean lehen zati ona egin zuen Anaitasunak, baloia alde batetik bestera abiadurarekin mugituz eta gasteiztarren zelaian kokatuz, baina ez zuten lortu goleko aukera nabarmenik egitea. Ariznabarrak ere garbi zuen baloia ez zuela behar eta kontraerasoan edukiko zituela bere aukerak. Golak bigarren zatirako utzita erretiratuko ziren 22 jokalariak atsedenaldira.
Bigarren zatia oso desberdina izango zen lehenengoarekin alderatuz, atzean egindako hutsegiteek eta zorte txarrak Artetxeren taldearen kontra jokatuko zuten eta 50 eta 52. minutuetan bi goleko aldea jarriko zuten gasteiztarrek, Jon Aizpuru eta Maroan Sannadiren golekin. Gorrixek ez zuten jakin momentuan nola erreakzionatu eta joko zuzenago bat erabiltzen hasi ziren.
77. minutuan txartel gorria ikusi zuen Markel Eskurtza kapitainak, azken jokalaria izanda aurkaria zango trabatzeagatik. Hala ere, bi minutu beranduago Aritz Gomez epaileak Ariznabarrako jokalari bat kaleratuko zuen bigarren txartela erakutsita eta berriro indarrak berdinduko ziren 10na jokalarirekin zelaian. Honekin batera gorrixek piztu egin ziren eta area barruko jokaldi nahasi batean Mikel Pastriani eginiko penaltia adieraziko zuen epaileak. Beste aste batez, Ander Arabaolaza izango zen penaltia botatzearen arduraduna eta oraingoan ere ez zuen huts egin 82.minutuan.
Azken minutuetan saiatu ziren aurkako atea zulatzen baina ez zuten aukera garbirik lortu eta porrot gogorra jaso zuen taldeak.
Hirugarren Mailan akatsak garesti ordaintzen dira baina datorren larunbatean beste aukera bat izango dute Vitoriaren aurka larunbat arratsaldean.