Puntuz puntu, pausoz pauso


Cultural Deportiva Durango 2
C.D. Anaitasuna 2

 

2 puntu, 2 jardunalditan eta 2 aurkari zailen aurka.

 

2. denboraldi pasa dira Durangotarrak brontzezko ligatik jaitsi zirela eta denboraldiko helburua igoeran jarrita ekin diote aurten ere. Hasieratik horren agerraldia egin zuten Jon Larreategi entrenatzailearen mutilek.

Aurreneko 15 minutuetan presio itogarria egin zioten Xabi Artetxeren mutilei eta ez zeuden batere eroso zelaian. Aurreneko erasoak etxekoentzat izan ziren baina gorrixen poztasunerako ez zuten Remenek babesten zuen atea zulatu.

Aurreneko ordu-laurdeneko ekaitzaren ostean eguzkia ateratzen hasi zen Anaitasunarentzat eta hori, entrenatzaileek erabakitako sistema aldaketa bat tarteko etorri zen. Sistema aldaketarekin batera, zelaian hobeto kokatu ziren eta ordurarte ez bezala, partida etxekoen zelaian jokatzen hasi zen.

Aukera garbirik egin ez arren, 36. minutuan area barruan Xabi zangotrabatuko zuen atzelariak eta IƱigo Zugazagoitia epaileak aise adierazi zuen penaltia. Anderrek hartuko zuen honen ardura eta ez zuen huts egingo hamaika metroetatik. Azken 3 partiduetan 4 gol eginda, hasiera bikaina egiten ari da Ander Arabaolaza. Atsedenaldira gol bateko abantailarekin joango ziren gorrixek.

Argazkia: Luis Iturrioz

Bigarren zatiaren hasiera lehenengoaren antzekoa izango zen, nahiz eta markagailua Anaitasunaren aldekoa izan orain. Ez zuten denbora asko behar izan etxekoek partiduari buelta emateko, izan ere, 51. minutuan berdinketa lortuko zuten eta 56an aurretik jarriko ziren.

Egoera asko zaildu arren ez zuten amore eman Artetxeren mutilek eta gogor borrokatzen jarraitu zuten 77an saria iritsi arte. Aldaketek haize berria eman zioten taldeari eta Mikel Arzalluz lesiotik itzultzen zen egunean, puntu bat balioko zuen gola emango zion gorrixei. Lurrek atzelarien bizkarrera botatako baloi luzea aprobetxatuko zuen Mikelek eta atezainaren gainetik barrura bota zuen baloia.

Azken minutuetan tentsio handia egon zen Tabiran, etxekoek garaipena nahi zuten eta izan zituzten pare bat aukera arriskutsu baina zorionez ez zen markagailua mugitu eta bigarren astez, puntu bat lortu zuen Anaitasunak borrokan jarraitzeko.

Datorren larunbatean, Ariznabarra etorriko da Txerloiara eta gureek denboraldiko lehen 3 puntuak lortzeko borrokatuko dute gasteiztarren aurka.