Puntuatzen hasi dira Hirugarren Mailakoak Txerloian
Anaitasuna CD | 1 |
Sodupe | 1 |
Larunbatean egin zuen Anaitasunak itzulera Hirugarren Mailara eta ez zuen huts egin partidak.
Aukera gehiegi egon ez arren, zelaian zeuden hogeitabiak garbi erakutsi zuten maila honetan ezer ez dela oparitzen eta puntu bakoitza azken ahalegineraino borrokatu behar dela.
Sodupe hasieratik saiatu zen partidaren erantzukizuna hartzen baina Artetxerenak ez zioten erraz jarri. Baloia ateratzen zentralei utzi zieten eta bizkaitarrak ez zuten sortu arrisku handirik. 24. minutuan lortu zuten aurreratzea gorrixek Anderren golarekin, atezainaren ateko sakean Pastrian gailendu zen eta honen burukada nahikoa izan zen Ander atezainaren aurrean gelditu eta bikain loratzeko.
Golak ez zuen partidaren dinamika asko aldatu eta bi taldeek berean jarraitu zuten. Atsedenaldira gol bateko abantailarekin joan ziren etxekoak eta lehenengo zatian ez zen aukera askorik egon bi ateetan.
Partidua hasi zuten 22 jokalariak zelairatu ziren bigarren zatian ere, baina bizkaitarren onurarako bilakaera desberdina izango zuen neurketak.
Partiduak aukera garbirik gabe jarraitzen zuen arren, 62. minutuan sartuko zuten gola bizkaitarrek markagailuan berdinketa jartzeko. Hau gutxi balitz, 8 minutu beranduago Xabi Azkoitiak bigarren txartel horia ikusiko zuen eta Anaitasuna 10 jokalarirekin egin behar izan zion aurre azken 20 minutuetan.
Jokalarien diferentzia ez zen asko hauteman zelaian, Xabi Artetxe eta Iraitz Kortak sistema aldatu zuten egoerari aurre egiteko eta Unai atzeratu zuten zentralera barrua indartzeko asmoz. Sodupekoek ez zuten asmatu gorrixei nola min egin eta partida bere horretan amaitu zen.
Arerio gogorra zuen aurrean Anaitasunak eta ontzat jo zuen taldeak partiduaren bilakaera ikusita. 2. jardunaldian beste aurkari gogora bat izango dute Xabi Artetxeren mutilak eta Durangora bidaiatu beharko dute larunbat arratsaldean.
Cultural de Durangokoek jakitera eman dutenez, partidua ateak itxita jokatuko da.