Errege Kopan dago Anaitasuna

Aurrera K.E.
1
C.D. Anaitasuna 2

 

EURITAN DANTZAN! Halaxe amaitu genuen Zaldupen aurkitzen ginen Anaitasunako guztiok.

Tentsio handiko partida izan zen. Bi taldeak oso kontzentratuta hasi ziren partida eta baloia alde batetik bestera ibili zen lehen minutuetan akatsak ekidinez.

12. minutuan partida baldintzatuko zuen bigarren txartel horia ikusiko zuen Aurrerako eskuin hegaleko atzelariak. Gertakari honek, partidua guztiz aldatuko zuen. Aurreneko minutuetan Ander min handia egiten ari zen atzelarien bizkarrera abiadura aprobetxatuz, baina bat gutxiagorekin pausu bat atzera emango zuten etxekoek eta espazio gutxiago emango zieten gorrixei.

Gureak baloiaren jabe ziren arren, lehenengo zatian ez zuten asmatu aurkariari min egiten. Ondarrukoak oso juntu zeuden barrua ixten eta Anaitasunak ez zuen behar adina zabaldu jokoa.

 

Bigarren zatian guztiz aldatuko zen partida. Atsedenaldian, Xabi Artetxek Mugu zelairatuko zuen taldea gehiago zabaltzeko baloiaren jabe zenean eta 56. minutuan Xabik baloi bikaina jarri zion Anderri atzelarien bizkarrera aurrelariak eguneko lehena egiteko.

62. minutuan abantaila handituko zuten gorrixek, Julen Aramendiren jokaldi ona ezker hegalean eta honen erdiraketa behetik ez zuen huts egin Anderrek. Aurrerak berehala erantzun zion gol honi eta bi minutu beranduago buruz egin zuten gola.

Bizkaitarrak, harmailetan zeuden zaletuen bultzadarekin batera partiduaren bila joan ziren baina entrenatzaileek ondo irakurri zuten partida Leta eta Anderrekin atzelariei baloiaren irteera kenduz.

Azken minutuetan gogor estutu zuten etxekoek baina taldeak ikaragarrizko lana egin zuen garaipena lortzeko eta Errege Kopan sartzeko. Koparen inguruan berrirenbat jakin orduko helaraziko dizuegu sare sozialen bidez.