2020ari hasiera ezin hobea emanaz
Oihane Ucinen bi golek eman zieten, Zubizarretaren Euskal Ligako neskei urteko lehen garaipena.
Igande goiza San Juan futbol zelaian. Hotza zen nagusi eta sailkapenean, eurak baino puntu bat gorago zegoen Hernani zuten aurkari gure Euskal Ligako neskek.
Sailkapen nagusian elkarrekiko zuten parekidetasuna agerikoa izan zen zelaian, lehen minututik oso indartsu ikusten ziren bi taldeak eta area batean zein bestean nagusi ziren arrisku jokaldiak. Harmailak beteta zeuden eta partidaren gogortasuna, bertakoen ahoetan aipatzen zen eten gabe. Oihane Ucinek partidako lehen hogei minutuetan aukera paregabe bi izan zituen buruz gola egiteko, baina lehen zatian ezinezko egiten ari zitzaien bi taldeei bestearen atea zulatzea. Zubizarretaren taldea tinko mantendu zen defentsa lanetan eta aurrelariek ere ondo bete zuten lehen 45 minutuetan zehar eraso lana; baina ezin.
Irudian, Mirenen partida osoan zehar egin zituen geldiketa ikusgarrietako bat (Argazkia: Sudupe)
Bi taldeak atsedenera eman zuten hutseko berdinketa. Hernani taldeak oso gol gutxi jasotzen ditu eta horrek, gorrixek Mirenen atea babesteko saiakera etengabean mantendu zituen.
Atsedenetik bueltan, 48 minutuan, Oihane Ucin aurrelariaren gola etorri zen gorrixen pozerako eta markagailuan aurretik jarri ziren. Harmailak jokalariekin batera egin zuen eztanda. Honek partidaren tentsio maila areagotu zuen ordea. Bi taldeak gogor, falta ugari zelaian.
Oraindik partida luzea zegoen aurretik, baina talde lan on bati esker, errenta horri eutsi eta 3 minuturen faltan beste bigarren gol bat egin zuen Oihanek.
Amaieran 2-0 eko emaitza eta urteko lehen garaipena eta 3 puntuak etxean geratu ziren.