Oso maila altua erakutsi zuten

Anaitasuna CD 4
Amaikak Bat 0

Arerioa oso egoera onetik zetorren baina, ezin izan zuen Artetxeren taldearen partida borobilarekin.

Larunbat arratsaldea, azkoitiko Txerloia futbol zelaian. Arerio gisa, Debako Amaika Bat taldea. Partida ona zen hura, azken asteetako egoera aldatzeko. Eta nabarmena zen, gure Ohorezko mutilak jakinaren gainean zirela. Gauzak honela, hasiratik erakutsi zuten egoerari buelta eman nahi zietela eta indartsu atera ziren zelaira.

Amaika Batek oso goian finkatu zituen presio marrak, eta gorrixek arerioak utzitako hutsuneak aprobetxatzen hasi zen oso goiz. Erraz ateratzen zuten baloia atzetik gureek, batez ere zelai erdian aurkitzen zituzten erraztasunak direla eta. Honek kostaldekoen area ertzera erraz iristea eragiten zuelarik.

Irudian, Odri baloia buruz urruntzen (Argazkia: Sudupe)

Lehen hamar minutuetan bi gol aukera garbi izan zituzten azkoitiarrek baina, azkenean, hamahirugarren minutuan iritsi zen etxekoen lehen gola. Korner baten ostean, Axik gola egitea lortu zuen 1-0 ekoa markagailuan jarriz. Honekin batera taldearen lasaitasuna iritsi zen.

Markagailuan aurretik ziren eta oso eroso zebiltzan zelaian. Golaren ostean, baloia gutxiago izan zuten gureek, baina hala eta guztiz ere, gol aukerak sortzen zituzten debarren area inguruan. Harmaila zein jokalariak gozatzen ari ziren, eta giroan nabarmentzen zen aldartea.

Partida nahiko lasaia izaten ari zen Anaitasunako atzelarientzat zen Remenentzat, Amaika Batek ez bai zuen minik egitea lortzen. 

Lehen zatiaren hondarrean, Mikel Arzalluzen barneraketa bikain bat, Amaika Batek bere atean sartuko zuen golarekin amaitu zen eta 2-0ekin sartu ziren aldageletara gorrixek.

Aretxeren mutilek bigarren zati hasieratik erakutsi zuten ez zutela maila jaisteko asmorik, partida uneoro ondo irakurtzen eta neurtzen zebiltzan gure Ohorezko Mailako mutilak eta gehiago izatea lortu zuten berehala. Gainera, arerioak, ordurako partida galdutzat emana zutela zirudien.

52. minutua zen eta bisitarietako batek, txartel gorria ikusi zuen. Nahiko zaila ikusten zuten debarrek partida ordura arte baina, bat gutxiagorekin geratu izanak eragin zuen benetako beherakada. Handik gutxira, sei minutura zehazki, Anaitasunaren hirugarren gola iritsi zen,  internaldi bikain batetatik, Muguri baloia iritsi eta honek sanera bidali zuenean. 3-0 beraz gureen alde, garaipenera guztiz bideratuta zegoen jada partida.

Artetxe lehenengo aldaketak egiten hasi zen, eta zelairatu berri zeudenak, baloia gureen menpe mantentzea lortzen hari ziren- Erabat azkoitiarrena bihurtu zen baloia eta partida. Nahiko erraz iristen jarraitzen zuten gorrixek kostaldekoen area ertzera eta 88. minutuan arratsaldeko azken gola iritsi zen Julen Aramendiren hanketatik. 

Amaika Bateko atezainak penalti egin zion gorrixetako jokalari bati, baloia Julen Aramendiren hanketara heldu eta honek, ate hutsean barrura bidali zuen baloia. 4-0 beraz gureentzat. 

Oso eroso ikusi ziren partida osoan zehar gure Ohorezko Mailako mutilak. Azken lau partidetako sentipenak atzean utzi eta partida biribil bat eskaini zieten, Txerloira gerturatu ziren zaletuei. Aste honetan Zarautzen jokatuko dute, gabonetako geldialdiaren aurretik azken partida izango da eta aste honetako ildo beretik jarraitzea bilatuko dute ziur.