Bigarren astez, ihesi hiru puntuak

Egoitz Aranaren debuta, emaitzak eklipsatu zuen.

Larunbatean, Anaitasunako Ohorezko Mailako mutilek jokatutako partida, denboraldi honetan jokatu duten partidarik apalena izan da.

Lehen minututik, gorrixek galduta ziruditen futbol zelaian. Etxeko taldea, oso eroso eta ongi kokatuta ikusten zen bitartean, gureek ez zuten zulorik topatzen arerioaren marrei gailentzeko. Sendo mantendu ziren errenteriarrak, eta min egiten hasi ziren, kontra erasoko jokaldiekin. Ohi baino errazago iristen ziren aurkariak, azkoitiarren area ertzera baina bi taldeetako inor ez zuen gol aukera garbirik izan lehen 45 minutuetan.

0-0ekoarekin beraz atsedenaldira.

Bigarren zatiaren hasieran berriz, gureen jarrera aldaketa bat sumatu zen. Erosoago zeuden, partidaren kontrola bereganatu zutela zirudien eta hobeto kokatuta zeuden lehen zatian baino. Euren jokatzeko modura gerturatzen hasiak ziren, eta Axik ere gorrixen lehen gol aukera izan zuen 51. minutuan.

Baina, hirurogeita hamairugarren minutuan , eta Artetxeren lehen aldaketaren ostean, Izagirrek mina hartu ondoren Iriarte zelairatu zen, etxekoen lehen gola iritsi zen. 1-0.

Bazirudien, lehen aldaketa hark partidaren nondik norakoak aldatuko zituela berriro ere. Lehen zatian antzera, galduago ziruditen gureak; hala eta guztiz ere, golaren gosez, dena ematen zebiltzan gorrixek.

Bost minutura, hirurogeita hemezortzigarrenean, bigarren gola jaso zuten Artetxeren mutilek, baina gureek gol honi erantzun eta, laurogeita batgarrenean, Iriarteren gola iritsi zen. 2-1 markagailuan. Geroago zuten arerioa berriro ere, gol bakarraren errenta zegoen bien artean, baina minutu gutxiz iraun zuen zoritxarrez errenta hark. Izan ere, lau minutura, falta baten ostean, Touring-en hirugarrena iritsi zen.

Baina partida ez zen hor amaitu, bost minutu eta luzapena zeuzkaten gureek errenta hori itzultzeko eta saiatu saiatu ziren helburu hori lortzeko; baina laurogeita hamargarren minutuan, beste kontraeraso batean, Touringen laugarrena iritsi zen. Oso zaila zegoen jada markagailua iraultzea baina gorrixek borrokan jarraitu nahi zuten azken minutura arte. Eta halaxe, laurogeita hamahirugarren minutuan, Iriarteren bigarren gola iritsi zen. 4-2 beraz larunbateko partidan.

Bigarren astez, hiru puntuek ihes egin diete Ohorezko Mailako mutilei, baina honetatik ere altxatuko dira ziur.