Bosgarrena ez da posible izan

Lehen zatian, gureak gehiago izan ziren arren, azken hondarrean bizkaitarrek egindako golak,  Elorrioko nesken gorakada eragin zuen, Zubizarretaren neskei garaipena kentzeraino.

Larunbat goizean, San Juan futbol zelaian Anaitasunako Euskal Ligako neskek eta Elorriok indarrak neurtu zituzten.

Partidaren hasieran, seriotasun handiz atera ziren zelaira gureak eta lehenengo minutua betetzera zihoala lehen gol aukera garbia izan zuten. Gogotsu zeuden gure neskak, eta harmaila ere heurekin zegoela ikusi zen lehen minututik, pankartez hornitu bai zuten zelaia.

Minutuak aurrera zihoazen eta, 10. minutuaren bueltan, Ainhoa Galarragak ateratako korner batean, Elorrioko atzelarietako batek sareetara bidali zuen baloia, eta honela iritsi zen gorrixen lehen gola. Aurretik jarri ziren beraz Zubizarretaren neskak. Hortik aurrera Elorrio bere lekua hartzen hasi zen ordea, golaren ostean kanpoko taldea ez zen kikildu, ezta gutxiagorik ere, eta zelaian erosoago ikusten ziren.

Gauzak honela, minutu gutxira, eskuin hegaletik egindako jokaldi batean gola egin zuten, banakoa lortuz. Gure neskek ez zuten atzera egin ezta ere, eta baloia jokoan ipini orduko ia ia, bigarrena egin zuten, Naiara Garmendiak ateratako erdiraketa bikain bat Maria Juaristik buruz sareetara bidali zuenean.

Oso parekatuta zen partida une horretan, nahiz eta gureak sendo mantendu zelaian, ezin izan zioten atsedenera arte errenta horri heldu. Lehen zatiko 45 minutuak betetzeko 2 minutu falta zirela, epaileak area barruan gorrixek baloia eskuarekin ukitu izanagatik penaltia adierazi eta binako berdinketa egin baitzuten Elorriokoek. 

Bigarren zatiari dagokionez, gorrixek erritmoz eta futbol mailaz behera egin zuten, goibel atera zirela zirudien, akaso bigarren berdinketa hark gure neskek behar zuten konfiantza apaldu zuen eta Elorriok izan zuen nagusitasuna. Eta nagusitasun horrekin batera hirugarren gola egitea lortu zuten bizkaitarrek.

Anaitasunak ahaleginak egin zituen berdinketa lortzeko baina alferrik izan zen. Oraingo honetan, ez zen posible izan garaipena 2-3 Elorrioren alde.