Hirugarrena jarraian!
Anaitasuna CD | 3 |
Erandioko Betiko Neskak | 0 |
Partida ia osoan zehar, gehiago izatea lortu zuten Anaitasunako Euskal Ligako neskek eta lehen zatian zein bigarrengoaren hasieran egindako golek, ia guztiz bideratuta utzi zuten garaipena.
Larunbatean, bigarrengoz jarraian, etxean jokatu zuten Anaitasunako Euskal Ligako neskek. Aurrean, Erandioko betiko neskak taldea, sailkapen nagusian laugarren kokatuta zegoena. Partida gogorra aurreikusten zen, batetik arerioa talde sendoa zelako eta bestetik eguraldia ere, aurkako faktorea zelako. 90 minutu zeuden aurretik ordea gure neskek hirugarren garaipena jarraian lor zezaten.
Argazkian, Ainhoa Galarraga gorrixen areatik baloia urruntzen (Argazkia: Sudupe)
Lehenengo zatiari dagokionez, azkenengo partiduetan gertatzen ari den bezala baloiaren jabetza gorrixena zen. Lehen minututik oso eroso ikusten ziren gureak zelaian, baloia alde batetik bestalderaino erraztasunez mugitzen zuten. Lehen hogei minutuetan oso parekatuta ziharduten bi taldeak, arrisku jokaldi ugari egon zirelarik area batean zein bestean. Hala ere, hogeita seigarren minutuan, Oihane Ucinek gauzatu zuen, eskuinez egindako erremate indartsu baten bidez azkoitiarren lehen gola. Atezaina gainetik gainditzea lortu zuen aurrelariak eta honek oraindik ere konfidantza gehiago eman zion taldeari lanean jarraitzeko.
Ondoren, lehen zatiaren hondarrean, Maider Badiolak bigarrena egin zuen, atezainaren aurrean keinu egin eta berau gainditu ostean, bere aurrelari sena nabarmen utziz, baloia sareetara bidali zuen. Atsedenera beraz, 2-0eko abantailarekin joan ziren neskak.
Bigarren zatian Mirenek defendatzen zuen atea zaindu beharra zuten gorrixek, bi golen errenta baitzuten aurretik eta emaitzari eustearekin nahikoa izango zuten. Erandioko neskek aldiz, gola behar zuten eta oso erasokor atera ziren bigarren zatiko 45 minutuak jokatzera.
Epaileak hasiera eman eta bi minutua, berrogeita zazpigarrenean, Maiderrek aukera bikaina izan zuen hirugarrena lortzeko baina, jaurtiketa gutxigatik kanpora joan zen. Zubizarretaren neskak defentsa lan ona egiten ari ziren, eta kontraeraso batean, berrogeita hamabosgarren minutuan, partida ia itxita utziko zuen hirugarrena egin zuen Leire Ucinek.
Partida garaipenera ia bideratuta bazuten ere, gure neskek arriskua sortzen jarraitzen zuten eta hirurogeita laugarrenean, Maria Juaristi gazteak, laugarrena egiteko aukera izan zuen nahiko nahasia izan zen jokaldi batean. Harmailan zeuden ikusleek ere, eskuak burura eman zituzten, gureek izan zuten aukera ezerezean geratu izana ezin sinetsita.
Hortik amaierara bitartean, benetan asmatu zuten gureak defentsa zein eraso lanetan fin ibiltzen, baina onartu beharrean gara Anaitasunaren gakoa defentsan egindako lanean egon zela eta aurten lehen aldiz, atea hutsean mantentzea lortu zuten.
Landutako eta merezitako hiru puntu garrantzitsu beraz larunbatekoak.
Argazkian, Euskal Ligako neskak euren entrenatzaileekin batera, garaipena ospatzen Txerloiko aldageletan