Bigarrena jarraian!

   
Anaitasuna CD 4
Sestao River 3

Azken unera arte borrokatu beharra izan zuten gorrixek, bigarren zati hasieratik garaipenera bideratua zirudien partida.

 

Joan den asteko ostiralean jokatu zuten Anaitasunako neskek Sestao Riverren aurkako norgehiagoka. Partida garrantzitsua, biak ala biak sailkapen nagusiko atzeko postuetan baitzeuden eta 3 puntuek balio handia zuten.

Argazkian, Zubizarretak norgehiagokarako hautatutako hamaikakoa (Argazkia:@ligasfutfem)

Partida hasi eta 2 minutura Anaitasunak gol aukera garbia izan zuen Maria Juaristiren hanketan baina jaurtiketa atezainak ukitu eta kornerrera bidali zuen. 9 minutuan berriz, Leire Ucinek gutxigatik gora bidali zen baloia. Sestaoren zelai erdian mantentzen zuten gehien bat baloia gure neskek baina Sestao Riverreko atzelariak zein atezainak partida berdinduta mantentzeko gai izan ziren.

Gola hurbil zen eta 24. minutuan lortu zuten baloia sareetara bidaltzea gorrixek, Leire Ucinek eskuin hegaletik egindako erremate bati esker.Etxekoak, bisitariak baino nagusitasun handiagoa zuten nabarmen, baina golak behar zituzten lasaitasunerako. Lehenengo zatiaren hondarrean etorri zen  Maria Juaristiren gola. 2-0 beraz atsedenaldira gureak.

Bigarren zatiari dagokionez, zelaian sartu eta bi minutura hirugarrena egin zuen, anaitasunako hamar zenbakidun Maria Juaristik eta ondoren Leire Ucinek ere, arratsaldeko bere bigarren gola eta taldearen laugarrena.

55. minuturako 4-0 ziren aurretik gorrixek eta festa giroa zen nagusi Txerloian. Baina partidak 90 minutu izaten ditu eta amaitu arte ez dago partida irabazitzat jotzerik. Sestaok aurpegia ematen jarraitu zuen eta hegaleko falta baten ostean bere lehen gola lortu zuen.

Minutu gutxira, gorrixek galdutako baloi baten ostean, Sestaoko aurrelariak Miren gainditzea lortu eta bigarrena egin zuten, 4-2.

Txerloian jendea erlojuari begira hasi zen eta 20 miƱutu luze geratzen ziren aurretik. Artean Anaitasunak aukera garbi batzuk izaten jarraitu zuen baina ate aurrean kamuts agertu ziren.

Partida amaitzeko ordu-laurdena falta zela Sestaoko jokalari batek zelai erditik ikaragarrizko gola egin zuen, harmailetan zeudenek eskuak burura eraman zituzten eta gola txalotzen amaitu zuten. Gauzak honela, gol batera hurbildu zitzaizkien gorrixei.

Hortik aurrera kirioak dantzan izan zituzten gorrixek. Bideratuta zegoen partida zeharo zaildu zen eta   oraindik bazen denbora aurretik. Baina ez, geratzen zen denboran taldeak atea babestu eta ez zieten beste golik sartu. Azken emaitza 4-3koa izan zen eta hiru puntuak etxean gelditu ziren. Bigarren jarraipena segidan lortu zutelarik Zubizarretaren neskek.