Ezin etxean

 

   
Anaitasuna CD 1
Goierri Gorri 2

 

Txartel gorri batek utzi zituen jokoz kanpo gorrixek.

Larunbat arratsaldean Anaitasunako neskek Goierri Gorriren aurka jokatu zuten etxean. Aurkari zaila zela bazekien gerturatu zen orok eta partida espero zen mailan mantendu zen 90 minutuetan zehar.

Lehenengo zatiari dagokionez, Anaitasunak, etxeko orain arteko partidetan ez bezala; baloiaren jabetzaren gehiengoa izan zuen eta hasieratik partidan sartuta eta serio ikusi ziren gorrixek.

Argazkian Zihara Gabilondo Goierri Gorriko jokalariari baloia kendu nahian (Argazkia: @JaviUrola)

Nahiz eta lehen arrisku jokaldia goierritarrena izan, lehen hamar minutuetan zehar, azkoitiarrak, aurkariaren area inguruan mantendu zuten baloia. Presio marra oso altua finkatu zuten gureek eta honela iritsi ziren lehen gol aukerak gureentzat.

Gol aukerak gure neskenak ziren arren, erremateak ez ziren aurkariaren sareetara sartzen. Hogeigarren minutuan jarri zen partida geroz eta parekatuago. Hala eta guztiz ere, gure neskak tinko mantendu ziren zelaiko postu guztietan. Hogeita zortzigarren minutua zen, Miren atezainak lehen geldiketa egin zuenean. Baina ez zen bakarra izango, ikusgarri aritu bai zen atezain azkoitiarra.

Minutu batzuk geroago, hogeita hamaseigarrenean zehazki, iritsi zen hairmaila zutik jarri zuen lehen gol aukera. Maiderren erdiraketa gutxigatik errematatu zuen Leire Ucinek, baina oraingoan ere, baloiak ez zuen sarerik ukitzerik lortu, Goierri Gorriko atzelariak ate azpitik ateratzea lortu bai zuen. Eta honela igaro ziren lehen zatiko gainerako minutuak. Area batean zein bestean gol aukerak egon zirelarik.

Azkenean, epaileak atsedenaldia adierazi eta 0-0eko berdinketarekin Joan ziren aldageletara bi taldeetako jokalariak.

Atsedenetik bueltan, Zubizarretak partidako lehen aldaketa egin zuen, Aniak arazo fisikoak zirela medio lehen zatiaren amaieran aldaketa eskatu bai zuen; Maria Juaristi zelairatu zen bere ordez.

Minutu gutxira iritsi zen harmailaren eztanda. Berrogeita hamaseigarren minutua, epaileak penaltia adierazi zuen gure Euskal Ligako nesken alde eta Ainhoa Galarragak ez zuen hamaika metroetatik barkatu. 1-0 gureen alde. Gure neskek gora egin zuten golaren ostean. Gosez zeuden eta lasaitasuna emango zien bigarren golaren bila zebiltzan gogotsu. Baina, hirurogeita laugarren minutuan iritsi zen gure taldearen gain behera, Enara Anduezak area ertzean egindako falta baten ostean, bigarren txartel horia ikusi zuen eta taldea bat gutxiagorekin geratu zen.

Falta honetatik etorri zen hain zuzen ere, Goierri Gorriren lehen zartatekoa. Erdilariak, falta jaurti eta Mirenek ezin izan zuen ezer egin. Ikaragarrizko gola sartu zuten goierritarrek, telebistan sarritan ikusten diren horietakoa alegia. Minutu gutxira Mirenek bigarren gola izango zena galarazi zuen geldiketa bikoitz ikusgarri batekin baina, sei minutu geroago, aurkariaren bigarren gola iritsi zen.

Bigarren kolpearekin desagertu zen denboraldiko etxeko lehen hiru puntuak lortzeko aukera, gure neskei urduritasuna nagusitzearekin batera, Goierri Gorriko neskek gora egin zuten eta honela iritsi zen epailearen azken txistua, 1-2 gureen aurka eta harmaila giroa bezain hotza.