Lan borobilari, sari bikaina

 

Anaitasuna CD 2
Eibar Urko 0

 

Mikel Arzalluzen bi golek, talde oso indartsu baten aurkako norgehiagokaren garaipena eman zien gorrixei.

 

Epaileak hasiera eman orduko Anaitasuna gogotsu aurkeztu zen Txerloian. Aurreko asteko estropuzutik altsatu direla erakutsi nahi zuten Artetxeren mutilek. Baloia erosotasunez mugitzen zuten, erdi aldetik aurrera egin eta Mugu zein Mikel Arzalluzen barneraketak bilatzen zituztelarik igaro zituzten norgehiagokako lehen minutuak. Presio marrak oso altu finkatu zituzten gureek eta hori garrantzitsua zen, Urkoko jokalariak euren areatik urrun mantentzen bai zituzten.

Irudian, Mikel Arzalluz baloiarekin (Argazkia: Maialen Arzalluz)

Lehen zatia igarotzen ari zela, Urkok estrategia aldaketa gin eta euren aurrelariei baloi zuzenagoak jaurtitzen hasi ziren. Baloia gutxiago zeukaten orduan gureek, baina, hala eta guztiz ere, Urko ez zen gehiegi sufriarazten ari Anaitasuna.

Lehen zatiko amaiera aldera, berrogeita batgarren minutuan zehazki, Mikel Arzalluzen gola iritsi zen. Txerloia beste behin zutik jarri zuen azkoitiarrak. Gol hura, ordurarte talde osoa ondo egiten ari zen guztia borobiltzeko sari bikaina zen. Baina jakin bazekiten Ohorezko Mailako mutilek, beste berrogita bost minutu luze izango zituztela aurretik, eta tentuz ibili beharra zegoela. Mikelen goletik minutu gutxira, atsedenaldira iritsi aurretik, Remenek izugarrizko geldiketa egin zuen baloiaren aldaratze batean, Urkoko jokalari batek atera jaurti ondoren. 1-0 Txerloian; eta epaileak atsedenaldia adierazi zuen.

Bigarren zati gogorra espero zen. Lehen zatian errespetu handiz zebiltzan bi taldeak eta bietako inork ez zuen akatsik egin nahi bigarren zatiari begira. Anaitasunari dena atera zitzaion lehen zatian baina garbi zegoen, partidaren exijentzia maila altua izango zela.

Urko talde sendoa ikusten zen, eta denok espero genuen beste “martxa” bat sartuta aterako zirela. Baloi luzeekin jolasten hasi ziren eibartarrak, bigarren baloiak eurenak egiten zituzten eta  honek, azkenean, gure taldeak atzera pausu bat egin beharra eragin zuen.

Atzera pausu honek ordea ez zuen gure mutilak kikiltzerik lortu. Gorrixek bazekiten euren presio marra altu mantenduz gero, atzean espazio ugari utziko zituztela eta honek, Anaitasunako mutilen min egiteko aukerak areagotzen zituela. Baloia ordurarte adina ibili beharrean, zuzenago jokatzea zen gureen helburu berria.

Helburu honi helduta, Axik aukera bikainak izan zituen, baina, Urkoko atezainaren bi geldiketa bikainekin aurkitu zen Oñatiarra. Bigarren aukera garbia, Xabiren erdiraketa bikain baten ondoren, Axik justu justuan errematatutako baloi batean etorri zen, baina Urkoko atezainak ezerezean utzi zuen jokaldia.

Aldameneko sake baten ostean, Mikel Arzalluzek ordea, posizioa irabazi zion atzelariari eta jokaldi horretan bertan iritsi zen 2-0ekoa hirurogeita batgarren minutuan. Bi goleko aldea gorrixen alde, baina garbi zegoen lanean jarraitu beharra zegoela.

Golaren ondoren iritsi ziren aldaketak bi taldeen partetik. Eibartarrak geroz eta gehiago arriskatzen hasi ziren eta gureak berriz, euren jokorako geroz eta leku gutxiago uzten saiatzen ziren. Exijentzi fisiko handiko partida izaten ari zen, jokalarietako batzuk arazo fisikoekin aldaketa eskatu zutelarik. Oso tinko aurkeztu ziren gureak defentsan lehen minututik, eta horrek eragina izan zuen arren, lehengo denboralditik hona aurrera pausu garrantzitsu bat eman dutela esan genezake zentzu horretan.

Hirugarren gola sartzeko aukera oso onak izan zituen taldeak, kontraerasoko jokaldi gehienak, arrisku bilakatzen zituzten gureek. Iriarte eta Aramendiren zelairatzea, baloia berriro ere Urkoren area aldean mantentzen saiatzeko bikaina izan zen. Aurkariak sortutako aukera gutxiak Remenek maisutasunez ateratzen zituen. Gure mutilak partida benetan borobila osatzen ari ziren.

Epaileak amaiera adierazi zuen arte jarraitu zuten lanean Artetxeren mutilek. Oso partida ona burutu zuten, aurkari zail baten aurka. Aurrerantzean, antzerako partidei positiboki aurre egiteko balio izango zaiela espero dugu. Benetan txalotzekoa izaten ari da lehen minututik azkenegorarte erakusten ari diren jarrera. !