Maisutasunak irabazi zuen

 

   
Anaitasuna CD 0
Real Sociedad "B" 8

 

Lehen 45 minutuak nahikoa izan ziren, Real Sociedad "B"ko neskek partida bideratuta uzteko.

Asteburu honetan Errealeko nesken bixita izan dute gorrixek. Iazko denboraldian igo zen mailaz Errealeko nesken bigarren taldea eta orain arte behintzat Euskal Ligan ez dute izan lanak zail jarri dizkien aurkaririk. Zoritxarrez, larunbateko partidan ere, gure Euskal Ligako neskak ez ziren aurka egiteko gai izan.

Argazkian Zihara, Errealaren jokaldi bat gelditu nahian (Argazkia: Sudupe)

Hasiera hasieratik Erreala baloiaren jaun eta jabe izan zen. Gorrixek beren zelaian itxaroten zioten aurkariei, taldea elkartu eta erasorako ahalik eta  aukera gehien murrizteagatik. Baina ez zen nahikoa. Ez behintzat larunbatean.

Lehenengo zatian Realak 4 gol egin zituen eta bigarren zatian beste hainbeste. Erosotasun handiz mugitzen zuten baloia donostiarrek. Egia esan, plazer hutsa zen donostiarrek zelaian zuten presentzia ikustea. Jokaldi eta pase neurtuak, erasorako prest. Baloia maisutasunez mugitzen zuten Txerloiko berdegunean.

Gureak berriz, galduta ziruditen. Lehen zatiko lau golak eta bigarren zatia hasi orduko jasotako beste biak, gehiegi izan ziren gure neskentzat. Ez zuten lortzen baloiaren jabetza luzerik izatea. Lanean jarraitu nahi zuten, baina etsipenak gain hartu zien.  Zubizarretak hiru aldaketa burutu zituen baina, freskotasunak ere ez zuen lortu Errealaren atea zulatzerik. Oihane Ucinek, izan zituen bi aukera, baita Maiderrek ere; baina donostiarren atezainak bikain gelditu zituen saiakera guzti horiek.

Lehen hiru partidutan golik jaso gabe zetorren Errealaren bigarren taldea eta larunbatean ere horrelaxe atera ziren Txerloitik. Atea hutsean utzita eta gainera 8 gol eginda.

Lanean jarraitu zuten neskek, burumakur baina lanean. Ez zen jarred falta izan seguru. Nesken kasuan, lehen hiru puntuak ezin iritsita dabiltza; baina ziur, lehen hiruak iritsita, jarrera honekin geldiezinak izango direla.