Hiru, hiru!

   
Anaitasuna CD 5
Mondra CF 0

Lehen hogei minutuak nahikoa izan ziren, partida garaipenerantz bideratuta uzteko. Gorrixen lehen hiru golak, bigarren, seigarren eta hogeigarren minutuetan iritsi ziren; Mikel Arzalluz, Ander eta Markelen eskutik.

 

Lehen Unetik ikaragarri gogotsu azaldu ziren Ohorezko Mailako mutilak. Jokoa erdigunetik abiatzen zen batiz bat partidaren lehen minutuetan. Baloia mugitu eta mugitu zebiltzan gureak eta horrela iritsi zen, Axiren pase baten ostean Mikel Arzalluzenganaino baloia, bigarren minutua zen eta jadanik lehen gola gureen alde. Uste baino lehenago iritsi zen gol hura, zale ugari oraindik ere partidan kontzentratzeko aukera handirik gabe harrapatu zituen baina gogotsu ospatu zen eserlekuetan.

 

Mondrak erdigunetik atera bezain laster, gureak presiora. Nabarmena zen aurretik jokatutako bi partidetan izan zituzten ahulgune gutxi horiek gainditzeko lanean ari zirela Anaitasunako jokalariak. Seigarren minutua iristerao bigarren zartatekoa gureek. Anderrek, Arrasateko jokalarietako baten aldaratzea bere egin eta jaurtiketa sareetara! Zaleek elkarri begiratzen zieten, aho zabalik ospatu zuten bigarren gol hura. Hain denbora laburrean 2-0eko partziala zuten esku artean Ohorezko Mailako mutilek. Zalee batzuk elkarren artean bi gol goiztiarrek sortutako poztasunaz ziharduten bitartean, beste batzuk tentuz jokatzen jarraitu beharra zegoela azpimarratzen zuten.  

Gorrixek gehiago nahi zuten ordea, lanean tinko ziharduten bi gol aldeko bazituzten ere. Mondra ez zen min gehiegi egiten ari. Remenen area ertzera iritsi nahian zebiltzan baina defentsa lanetan ere tinko gure mutilak. Hogeigarren minutuan iritsi zen, falta baten ostean, Markelen burukada barrura. 3-0, Txerloian bildu ziren guztiek partida bideratuta ikusten zuten. Ospakizunak geroz eta intentsitate handiagokoak ziren, bai zaleen zein jokalarien artean.

Ohorezko mutilek gora egiten jarraitu zuten. Axik laugarrena egin ahal izan zuen hogeita laugarren minutuan baina azkenean kontrola luzeegi joan zitzaion.

Lehen ordu-erdia igaro eta gutxira, hogeita hamaseigarren minutuan zehazki, berriro ere baloia Anderren hanketara. Honek, zelai erdia baina pixkat aurrerago, zortearekin ere jolas egitea erabaki eta, atezaina aurreratuta ikusi zuenean, bertatik jaurti zuen. Ikaragarri goxatu zuen baloia aurrelari azkoitiarrak. Harmailetan laugarren gola ospatzen hasiak ziren; eta baloiak sarea ukitu orduko iritsi zen eztanda Txerloira.

Irribarreak, Mondrako jokalarien zein zalegoaren burumakurtutasunarekin egin zuen topo. Euforia eta goibeltasuna parez pare aurkitu ziren. Hirurogei minutu luze zeuden aurretik oraindik, eta hori nabarmena zen guztien aurpegi eta jarreretan. Lanean jarraitu beharra zegoen ustekaberik egon ez zedin. Honela irisi zen atsedenaldia; 4-0 gorrixen alde.

Bigarren zatia hasi zen, eta lehen lau minutuak igaro orduko Mondraren lehen aldaketa iritsi zen. Aurrelari arrasatearra zelairatu orduko ordea, Mikel Arzalluzen jaurtiketa harriskutsu batek, taldearen lanean jarraitzeko grina nabarmendu zuen. Ezin asetu gure mutilak eta gehiagoren bila zihoazen.

Gutxira Artetxeren lehen aldaketa iritsi zen. Azkoitiaren ordez, Rubio zelaira. Atzeko lerrora freskotasuna iritsi zen ezker hegaletik. Rubio eta Arzalluzen arteko konexioak, azken hau aurkariaren area ertzeraino baloiarekin iristea ahalbidetu zuen; baina azken unean, azkoitiarra area barruan erori egin zen. Ikusleek penaltia eskatzen zuten, baita gorrixek ere. Azkenean epaileak, erasoan egindako falta adierazi eta txartel hori erakutsi zion Arzalluzi.

Inolako ezustekorik gabe zihoan bigarren zatia. Gureak oso eroso zebiltzan zelaian, bakar bat bezala mugitzen ziren hara eta hona. Jokoa eta partida eurena zen jada; Mondrak ere lanean jarraitzen zuen baina ez zuen Remenen area ertzera iristea lortzen. Hirurogeita hirugarren minutuan, ia sartu berri zegoen Joanes Calvok, Mikel Arzalluzen pase baten ondoren, azkoitiarren bosgarren gola egin zuen. Ikusgarria zen, 4-0eko partziala aldeko izanda ere, jokalariak erakusten ari ziren jarrera. 

Bosgarrena gutxi balitz ere, seigarren gola sartu zuen Odrik, baina epaileak baliogabetu egin zuen. Honela iritsi ginen partidaren amaiera aldera. Azken minutuetan Mondrak, apur bat gehiago estutu zituzten gureak baina ez zuten gola egitea lortu. Epaileak 92.minutuan amaiera adierazi zuen Txerloian. Zaleek zutik eta bi taldeek erakutsitako jarreraz harro txalo zaparrada eskaini zien jokalari guztiei. Honela joan ziren uzten Txerloiko harmailak, hirugarren garaipena gureentzat.

Asteburu honetan Zumarragako Argixao futbol zelaian dute hitzordua gorrixek, hiru garaipen dagoenekoz, bederatzi puntu eta bi gol soilik aurka. Taularen lehen postuan finkatu dira Artetxeren mutilak eta ez dirudi postu hori galtzeko batere intentziorik dutenik, ezin uka, sasoi oso onean aurkitzen dela taldea baina oraindik asko gelditzen da; beraz jarrai dezagun lanean!