Amaierara arte borrokan

82. minutuan egindako penalti batek sortutako estuasunaren ostean; Axiren bigarren golak, gorrixen laugarrenak, lasaitasuna eta hiru puntuak eman zizkion Anaitasunari.

 

Partida estua izan zen larunbatekoa. Mailako zelairik txikiena prest zegoen gure mutilei gauzak behar baino zailago jartzeko. Parez pare, egin beharrak oso garbi zituzten bi talde, Añorga eta nola ez, Anaitasuna. Garrantzitsua zen lehen unetik bestearen zelaian ahalik eta denbora gehien igarotzeko ideia tinko mantentzea eta horretan ibili ziren bi taldeak.

Pase gutxi ikusi ziren, baloi luzeekin jokatu zuten gehien bat gureek, gorrixek oso nabarmen zekiten bigarren baloi hura hartzea zeinen garrantzitsu suerta zitekeen eta hasi eta laster, Muguk bere hegaletik egindako erdiraketa, Iriarteren hanketara iritsi zen eta honen jaurtiketa zutoinarekin aurkitu zen. Lehen abisu zuzena gure Ohorezko mutilen partetik.

Lehen zatian, etxekoak errazago iristen ziren gureen area ingurura; azkoitiarrak baina zerbait sendoago ikusten ziren Añorgako jokalariak. Bi taldeek izan zituzten aukerak baina lehen zartada gureena izan zen. Anaitasunaren aldeko falta baten ostean, Markel-en burukada bikaina sareetara. Honekin gureak zertxobait lasaiago eta erosoago ikusten ziren. Partida oraindik eta parekatuago jarri zen, baina lehen zatiko azken hondarrean, alboko sake baten defenditze lanetan egindako akats baten ostean, 1-1ekoa iritsi zen. Eta bestelakorik gabe atsedenaldirako txistua jo zuen epaileak.

Bigarren zatia Rezolan, Artetxek estrategia aldaketa egin zuen, atzeko lerroan hiru erdilari eta aurrean bi. Honekin gureek Añorgaren atzeko lerroari “min” gehiago egiten saiatzeko asmo garbia erakutsi zuten, eta asmatu egin zuten. Baloia gehiago zuten gureek aldaketen ondoren, erosoago ikusten ziren. Denbora luzez ziharduten besteen area aldean.

Handik gutxira iritsi zen partida markatuko zuen jokaldia. Mikel Arzalluzek, Añorgako atezainaren aurrean bakarrik gelditzea lortu zuen, baina Añorgako atzelarietako batek falta egin zion. Jokaldi eztabaidatsua hura, penaltia eskatzen zuten azkoitiarrek baina azkenean, epaileak, Añorgako atzelaria kanporatu (gol aukera nabarmena bait zen) eta area ertzeko falta adierazi zuen.

Une honetatik aurrera pazientzia handiagoz jokatzen hasi ziren gure mutilak. Etxekoak ez zuten lehen zatian adina presio egiten eta Artetxek hegaletako bi jokalariei, zelaia zabalago hartzeko eskatu zien. Muguk eskuineko hegaletik egindako sarrera bikain baten ondoren, Axi aurkitu zuen eta honek partidako bigarren gol aukera zutoinera! Mikel Arzalluz prest zegoen ordea, aldaratzea bere egin eta baloia sareetara, 1-2 gorrixen alde.

Ohorezko mailakok mutilak aurretik ziren bigarrengoz, baina ez ziren erlaxatu. Lanean jarraitu zuten, gehiago nahi zuten eta saiatu eta saiatu zebiltzan. Honela iritsi zen Anderren pasea, berriro oñatiarra bilatuz; oraingoan ez zuen huts egin aurrelariak, Axik atezainaren hanka artetik barrura 1-3. Partidako hiru puntuak etxean ikusten genituen jada.

Hiru puntuak laztantzen genituen bitartean, Añorgak lanean jarraitzen zuen eta halako batean,  aurrelariak aurre hartu zion Unairi eta honek falta egin beharra izan zuen area barruan. Epaileak gorrixen aurkako penaltia adierazi zuen. Remenek ezin izan zuen ezertxo ere egin Añorgako jokalariaren jaurtiketa gelditzeko. 2-3 etxekoak puntuaren bila zihoazen, gureek aldiz ez zuten etsi. 92. minutua, baloia erdigunetik atera zuten gureek, baloia kanpora Añorgak. Aldameneko sakeaz baliatuz, Mikel Arzalluzek erdiratu eta, berriro ere Axik, gola. Hiru puntuak guztiz geure egiten zituen golaren ospakizuna amaitzearekin batera, epaileak amaiera eman zion Rezolan jokatu zen partidari.

Rezolak eta Añorgak ezin izan zuten Anaitasunarekin. Bigarren zatiko aldaketek, partida borobildu zuten eta hiru puntu garrantzitsu ekarri zizkiguten mutilek, eta bigarren garaipenarekin taularen lehen postuan finkatu dira. Jokalariek dena eman zuten, seriotasunez jokatu eta defendatu zituzten 90 minutuak eta honek beste behin, saria izan zuen.