Hirugarren Mailara igotzeko aukerarik gabe

Anaitasuna CD 1
Iurretako 2

Anaitasunak bat eta bi galdu zuen Iurretako taldearen aurka, eta ez du Hirugarren Mailara itzultzeko aukerarik izango

Neurketa motela jokatu zuten Anaitasunak eta Iurretako Hirugarren Mailara igotzeko play off partiden lehen jardunaldian. Bizkaitarrek hartu zuten aurrea, Anaitasunak bigarren zatian berdindu zuen gero, baina Iurretakok garaipena lortzeko bigarren gola egin zuen neurketa amaitzeko hamabost minuturen faltan. Berdinketak ekiditeko jaurtitako penaltietan ere Iurretako nagusitu zen.

Anai Iurretako

Anaitasunak Ohorezko Mailan jokatuko du 2019-2020 denboraldian. Iurretako taldearen aurka galdu egin bazuen ere, Espainiako Hirugarren Mailatik Bigarren B Mailara igotzeko play off kanporaketa jokatu zuen San Ignacio taldea kanporatuta gelditu da. Ondorioz, Ohorezko Mailatik ez da inor gehiago igoko Hirugarren Mailara. Txerloian, berriz, Iurretako nagusitu zen markagailuan. Ordu laurdena pasa eta segundo gutxira egin zuten bizkaitarrek huts eta batekoaren gola. Ezker hegaleko falta azkar jarri zuten jokoan, eta gureak ezustean harrapatuta Remenek defendatzen zuen atera jaurti zuten. Atezain eibartarrak baloia gelditzea lortu zuen lehen aldian, baina bigarren aukeran ez zuen hutsik egin Iurretako taldeko jokalariak.

Oso aukera gutxi izan ziren partidaren lehen erdian. Anaitasunak bere egin zuen baloia hasieratik, baina area ingurura iristea asko kostatu zitzaien gorrixei. Banakoa egiteko abagune garbiena 38. minutuan izan zuen Anaitasunak. Axik ezustean harrapatu nahi izan zuen Iurretakoko atezaina falta jaurtiketa batean, baina atepeko gizona adi, baloia kornerrera bidali zuen. Emaitza horrekin iritsi zen neurketa atsedenaldira.

Bigarren zatian, joera berdina izan zuen neurketak, baina aukera onenak bisitariek izan zituzten. Anaitasunaren banakoaren gola iritsi baino bi minutu lehenago aukera aparta galdu zuten alferrik bizkaitarrek. Eskuin hegaletik erdiratu zuten baloia, eta area barruan jaurtiketa bakarrik eginda, baloia zutoinaren ondotik kanpora bidali zuen. 68. minutuan egin zuen Anaitasunak banakoa. Eskuin hegalera jokatu zuten gureek zelairatu berria zen Joanes Calvorekin jokatzeko. Joanesek ondo jokatu zuen jokoz kanpokoaren muga-mugan zen Axirekin eta atezainaren aurrean bakarrik geldituta ez zuen barkatu oƱatiarrak.

75. minutuan, ordea, bat eta bikoa egin zuen Iurretakok. Eskuin hegaletik baloia erdiratu eta bigarren zutoinean egindako errematean Remen gainditzea lortu zuten. Gerora Xabi Soraluzek eta Axik aukerak izan zituzten berdinketa egiteko, baina Iurretakok ere korner jokaldi batean estuasunetan jarri zuen Anaitasuna. Ondoren, berdinketak hautesko penaltiak jaurti zituzten, eta Iurretakok 3-5 irabazi zuen. Letak, Xabik eta Azkoitiak egin zituzten gorrixen golak. Dagoeneko aukerarik ez dago Hirugarren Mailara igotzeko, baina ekainak 15-16 asteburuan jokatuko du Anaitasunak denboraldiko azken neurketa, Salvatierra taldearen aurka, Agurainen (Araba).