Hirugarren Mailara itzultzeko aukera zuzena galdu dute mutilek

Eibar SAD 3
Anaitasuna CD 0

Anaitasunak hiru eta huts galdu zuen Eibarren, eta Hirugarren Mailara igoera lortzeko aukera zuzenena galdu du.

Hirugarren Mailara itzultzeko beharrezkoa zuen puntua batzerik ez zuen lortu Anaitasunaren Ohorezko Mailako taldeak. Eibarrek atsedenaldirako eman zion belarrondokoa mutien taldeari, eta ez zen gai izan neurketan sartzeko. Horrenbestez, Hirugarren Mailara zuzenean igotzeko aukera galdu du Anaitasunak. Hirugarren Mailara itzultzeko aukerak oso-oso apurrak dira, baina datozen asteetan play off partidak jokatu beharko dituzte.

47942484218 6aa77d0722 o

Anaitasunak kolpea jaso zuen. Eskuetan zuen igoera urruntzen hasi zen lehen zatian, eta konturatzerako atsedenaldirako egin zion ihes. Eibarrek hiru gol egin zizkion Anaitasunari lehen 45 minutuetan. Neurketako aukera bakarrenetakoa lehen minutuetan izan zuten gorrixek. 7. minutuan, Axik urrundik egindako saiakeran zutoinera bidali zuen baloia. Neurketaren historia aldatzeko aukera izan zuen oƱatiarrak, baina zortea aurka izan zuen. Handik gutxira, berriz, aukera etxekoek izan zuten. Area barrutik egindako jaurtiketa gutxigatik bidali zuten kanpora.

Neurketa traketsa zihoan, kontrol argirik gabea, baina Eibarrek argitasun gehiagoz jokatu zuen; eta 20. minutuan bat eta hutsekoaren gola egin zuten armaginek. Ezker hegaletik sartu ziren eibartarrak Xubanek defendatzen zuen areara. Jaurtiketa egin zuten, Xuban atezainak gelditu zuen, baina aldararatzera unerik aproposenean iritsi zen beste aldeko jokalariak barrura bidali zuen baloia.

Golak Anaitasuna ezkutatu egin zuen neurketatik. Eibarren area ingurura iritsi ezinik aritu ziren eta hiru minutu txarretan bi gol egin zituen etxeko taldeak. Eibarrek bi eta hutsekoa egin aurretik, Markeli egindako falta eskatu zuten gorrixek. Epaileak ez zuen ezer adierazi eta bizkarrera egindako pase batean, kontrola ona egin zuen aurrelariak eta Xubanen aurrean bikain amaitu zuen. Handik gutxira, berriz, hirugarrena. Gure atzelarien bizkarrera egindako pase luze batean aurrelariak baloia oinetan hartu eta Xubanen gainetik jaurti zuen. Baloiak bote handia egin zuen eta langa jo zuen. Aldaratzean bueltan etorri zen baloia eta atepera baloia ateratzera joan zen Unai Perezek bere atean sartu zuen nahigabe urruntzen hasi zenean. Emaitza horrekin Anaitasuna jokoz kanpo gelditu zen, noraezean.

Atsedenalditik bueltan ideia garbiagoekin zelairatu ziren mutilak. Hasieratik apostu sendoa egin zuten Eibar bere zelaian sartzeko eta korner jokaldi bidez arriskualdi batzuk sortu zituen. Eibar ere iritsi zen Xubanen atera zuzen eta azkar jokatuta. 75. minutuan, gainera, Anaitasuna jokalari bat gutxiagorekin gelditu zen. Markel Eskurtzak egindako penaltia adierazi zuen epaileak, eta bigarren txartel horia erakutsi zion; egotzi egin zuen. Penaltiak zalantza handiak sortu zituen harmailan. Halere, jaurtiketa egin zuen Eibarko jokalariak ez zuen asmatu Xubanen ate aurrean, eta penalti jaurtiketa kanpora egin zuen. Minutu gutxi falta zirela jakitun, jokalariak Unben batutako 500 jarraitzeileri gol bat eskaintzeko gogoz aritu ziren azken minutuetan. Mikel Arzalluzek, Julen Aramendik eta Ander Pastrianek izan zituzten aukerak.

Anaitasunaren azken taupadak izan ziren Eibarren. Tolosako emaitzaren ezagun, jokalariak lur jota zelaiaren erdian bildu ziren. Harmailetatik jaso zituzten animoak eskertu zituzten, eta guztien artean Anaitasunaren ereserkia zeinen gozo abesten zuten entzun zuten. Ezeren gainetik esaldi bat nabarmen abestu zuten zale gorrixek: aurrera dihoa beti Anaitasuna!

Liga itxita, play off partidak jokatu beharko ditu orain Anaitasunak. Datorren asteburuan Iurretako Bizkaian bigarren sailkatu den taldea jasoko du Anaitasunak, Txerloian. Ekainaren 15eko asteburuan, berriz, Salvatierra taldearen aurka neurtu beharko dituzte indarrak Xabier Artetxeren mutilek. Hirugarren Mailara itzultzeko aukerak oso dira urriak. Hirugarren Mailatik Espainiako Bigarren B Mailara igotzeko play off partidak jokatzen ari diren Portugalete, Sestao River, San Ignacio eta Deportivo Alaves B taldeek mailaz igotzea lortu beharko dute, eta Bigarren B Mailatik Hirugarren Mailara ez jaisteko kanporaketa jokatzen ari den Real Union talde irundarrak mailari eutsi beharko dio.

47942482703 512310db9b o