Ezin luzatu Kopa ibilbidea

Leioako Emakumeak 3
Anaitasuna CD 0

Anaitasunak ez zuen lortu joan den zapatuan emaitza onik Leioan eta agur esan dio Kopari.

Joan den zapatuan kaixo eta agur esan behar izan zioten Kopari Euskal Ligako neskek. Leioako Sarriena zelaira egin zuten bisita gure neskak Leioako Emakumeak taldearen aurka jokatzeko eta hiru eta hutsekoak erabaki zuen kanporaketa.

Neskak-Kopa-Leioa

Neskak Leioan neurketa harri aurretik. (Argazkia: Leioako Emakumeak)

Ilusioz eta gogoz egin zuten bidaia gorrixek, baina egun kaskarra izan zuten. Lehen zatian Anaitasunak baloiaren jabetza nabarmen izan zuen. Leioako Emakumeak taldeak baloia atzetik ateratzeko baimena ematen zien gorrixei; presioaren lehen lerroa ia zelai erdian jartzen zuten bizkaitarrek eta hori horrela errazagoa izan zuen Gorka Zubizarretaren taldeak baloia bere oinetan izatea. Gola egiteko aukera garbi batzuk ere izan zituzten gure neskek, baina ate aurrean ez zuten egunik onena izan.

Etxeko taldeak, aldiz, baloi urruntze baten bitartez egin zuen bat eta hutsekoaren gola; nahi gabe sortutako abagunea izan zen etxekoena, baina gureak ez bezala ate aurrean zuzenak izan ziren eta ez zuten barkatu gol aukera. Bat eta hutseko markagailuarekin iritsi zen neurketa Sarriena zelaian.

Aldageletatik bueltan, ordu laurdena bete baino lehen egin zuten bizkaitarren bi eta hutsekoaren gola. Bigarren gol horrek nahikao erabakita utzi zuen neurketa, eta ondorioz, kanporaketa. Anaitasunak denbora nahikoa zuen gola egin, etxekoei beldurra sartu eta kanporaketako azken minutuak bizirik amaitzeko, baina gorrixek gol horren bila itsutu ziren unean egin zuen Leioako taldeak bere hirugarren eta azken gola. Partida erabat itxi zuten bizkaitarrek. Leioako Emakumea taldeak merezimendu osoz irabazi zuen Anaitasunaren aurkako neurketa; Anaitasunak, bestalde, agur esan diote Kopari.

Azken neurketa horrekin amaitu dute neskek Euskal Ligako denboraldia eta horrekin batera Kopa txapelketa. Mailari lasaitasunez eustea lortu dute gureek, eta datorren denboraldira begira jarrita dira dagoeneko. Atseden oporrak hartuta, urtez luzez euskal mailari eutsi eta hazten jarraitu nahi dute etorkizunera begira.