Mutilek euren esku dute bigarren postua

Anaitasuna CD 3
Aretxabaleta KE 0

Anaitasunak nagusitasunez garaitu zuen zapatuan Aretxabaleta, eta bere eskuetan izango du asteburuan bigarren postua ziurtatzea.

Anaitasunak oxigenoa, indarra eta konfiantza berreskuratu zituen joan den zapatuan Txerloian Aretxabaletari hiru eta huts irabazita. Hasiera hasieratik nabaritu zen taldeak egun ona izango zuela, eta aurretik iritsi zen taldea atsedenaldira Axiren golari esker. Bigarren erdian borobildu zuten festa gorrixek, Axik eta Mikel Aramendik egindako golei esker. Datorren zapatuan, maiatzak 25, Eibarren jokatuko dute mutilek, eta puntu bat nahikoa izango du bigarren postua ziurtatzeko.

Anai UDA

Asier Ugartek bi gol garrantzitsu eman zizkion taldeari. (Argazkia: Maialen Arzalluz)

Mutilen lehen taldeak bere esku du Gipuzkoako Ohorezko Mailako bigarren postuari eustea. Joan den zapatuan, maiatzak 18, hiru eta huts menderatu zuen Xabier Artetxek zuzentzen duen taldeak Aretxabaleta. Taldeak azken asteetatik urrun zegoen bertsioa aurkeztu zuen aretxabaletarren aurka; hasieratik nabaritu zen mutilek egoera txarra atzean utzi nahi zutela. Gurasoek, lagunek eta zaleek lagundu zieten zelairatu aurreko 'Aupa Anai' oihua egiten, eta aldagelako indarra zelaira eraman zuten gero gorrixek. Aretxabaletak ez zuen presio esturik egin, eta Anaitasunak zentzuz eta pazientzia handiz jokatu zuen baloiarekin; baloirik gabe, berriz, zeharo langile agertu zen taldea presio lan bikaina eginda.

Aspaldiko neurketarik onena egin zuten mutilek, eta atsedenaldira iritsi aurretik lortu zuen aurrea hartzeko gola. Aurrez, Mikel Arzalluzek eta Ander Arabaolazak egin zituzten Anaitasunarentzako lehen aukerak, baina gola Asier Ugarte oñatiarrak lortu zuen, 36. minutuan. Sakonean jokatu zuten Axirekin gureek, eta atezaina aurreratuta zegoela ikusita gainetik maisutasun handiz jaurti zuen atera, Anaitasuna aurretik jarri zuen gola eginez. Handik gutxira, 40. minutuan, Markel Eskurtza kapitainak izan zuen gol aukera. Korner erdiraketa buruz errematatu zuen erdiko atzelari ezkerrak, baina baloiak zutoinaren aurka jo zuen. Mikel Pastrian ere saiatu zen atsedenaldira iritsi aurretik Aramendiren erdiraketa buruz atera bidaltzen, baina errematea kanpora joan zitzaion.

Aldageletatik bueltan ere lehen zatiko bideari eutsi zieten gorrixek. Bigarren zati ona egin zuen taldeak, bereziki bi eta hutsekoaren ondoren. Aurretik, ordea, bi taldeek aukera bana izan zuten gola egiteko. Lehena, Mikel Aramendik izan zuen Mikel Arzalluzen erdiraketa boleaz errematatuta. Segidan Aretxabaletak izan zuen aukera. Hegaleko faltan estrategia jokaldia egin zuten aretxabaletarrek eta Xubanek bere eskuak luzatu behar izan zituen bisitarien gola ekiditeko.

Kanpokoen zelaian sartu zen ondorengo minutuetan Anaitasuna, eta hainbat gol aukera eta abisuren ondoren, bi eta hutsekoaren gola egin zuten gure mutilek. Zalantzazko jokoz kanpoko posizioan jaso zuen baloia Mikel Arzalluzek Mikel Pastrianen jaurtiketa ahaleginean. Arzalluzek atera jaurti zuen baloia, atezainak gelditu egin zuen, baina aldaratzera iritsi zen Axi eta aurrelariak ez zuen huts egin ate aurrean. Anaitasuna garaipenera bidean jarri zuen oñatiarrak. 75. minutuan ere izan zuen aukera Anaitasunak. Axiren pasean Arzalluzek kanpora bota zuen baloia, lurretik eta behartuta.

Gero eta espazio handiagoak aurkitu zituen Anaitasunak, eta horren adibide izan zen hiru eta hutsekoaren gola. Leta zelairatu berriarekin jokatu zuten kontraeraso jokaldi batean, eta honek eskuin hegaletik azpitik erdiratu zuen baloia. Mikel Aramendi ondo iritsi zen erdiraketara eta ezker oina bikain sartuta sareetara bidali zuen baloia. Anaitasunaren garaipena ziurtatuta gelditu zen hiru eta hutsekoarekin. Aramendi bera urrundik saiatu zen laugarrena egiteko atezaina area kanpoan zela ikusita, baina jaurtiketan kanpora joan zen baloia.

Anaitasunak esku-eskura du Gipuzkoako Ohorezko Mailako bigarren postua. Datorren asteburuan, zapatuan 17:30ean, Eibarko Unbe Inferior zelaian arituko dira gorrixek, eta puntu bat ateratzea nahikoa izango dute sailkapeneko bigarren postuari eusteko. Tolosak ere irabazi egin zuen bere neurketa Allerruren zelaian —bi eta hiru— eta jardunaldi baten faltan bi taldeen arteko distantzia hiru puntukoa da. Klubak autobusak antolatuko ditu Eibarrera joateko. Laster emango du horri lotutako informazio gehiago.