Sailkapena estutu duen porrota

Tolosa CF 2
Anaitasuna CD 0

Mutilek bigarren zatiari hasieran galdu zuten neurketaren ildoa, eta tolosarrek sailkapena hiru puntura estutzeko garaipena lortu zuten.

Anaitasunak ez du lortzen bolada ona eteterik. Azkoititik zale ugari joan zen mutilei babesa ematera, baina gorrixek ez zuten ezer onik oparitzerik lortu. Lehen zatian aspaldiko sentsazio onenak eskaini bazituzten ere, bigarren zatian erreitik atera zuen Tolosak Anaitasuna minutu gutxian bi gol eginda. Sailkapena hiru puntura hurbildu dira orain tolosarrak; halere, Anaitasunak bere eskuetan du bigarren postuan mantentzea.

IMG 4654

Mikel Aramendi baloiarekin. (Argazkia: Maialen Arzalluz)

Sentsazio onak erakutsiz zelairatu zen Anaitasuna Tolosako Berazubi zelaian. Aspaldian erakutsi ez zituen gogortasuna eta ziurtasuna azaldu zituen berdegunean Xabier Artetxeren taldeak. Ez ziren aukera asko izan lehen zatian. Tolosak iritsiera bat izan zuen, baina arrisku gabea. Anaitasunak, berriz, Mikel Arzalluzen urruneko jaurtiketa gaizto batean izan zuen gol aukera garbiena. 

Bigarren zatian, ordea, segituan jarri zitzaion neurketa hankaz gora Anaitasunari. 50. minutuan, ezker hegaletik erdiratutako falta batean egin zuen bat eta hutsekoaren gola Tolosak. Area txikira bikain erdiratu zuten etxekoek, eta gureei aurrea hartuta sareetara bidali zuen baloia. Handik gutxira, 54. minutuan, bigarrena egin zuen etxeko taldeak. Tolosako atezainaren sake luze eta azkar batean gure atzeko lerroa gainditu zuen baloiak. Tolosako aurrelariak jokaldia azkar eta argi jarraituta, baloia harrapatzea lortu zuen. Remen atezainaren gainetik egin zuen jaurtiketa aurrelariak, eta gureek ez zuten harraptu eta urruntzerik lortu.

Bi kolpeen ondoren etxekoen zelaian sartu zen Anaitasuna, atzean sartu zen Tolosa markagailuari eusteko. Eskuin hegaletik erdiratutako baloi batean penalti argia eskatu zuten Tolosan bildutako zale gorrixek eta zelaian ziren jokalariek. Argi eta garbi baloiak eskuan jo zuen, baina epaileak ezezkoa erabaki zuen. Mikel Arzalluzek ere aukera garbia izan zuen Aitor Diezek azpitik egindako erdiraketa eta gero. Halere, Arzalluzen azken errematea zutoinaren ondotik kanpora joan zen.

Tolosa hiru puntura gerturatu da joan den zapatuko emaitzarekin. Anaitasunak, ordea, bere esku du bigarren postuan gelditzea. Bi neurketa gelditzen dira 2018-19 denboraldia amaitzeko eta gure mutilek Aretxabaleta eta Eibar izango dituzte aurka. Anaitasunak lau puntu atera beharko ditu Tolosak bi neurketak aurrera ateratzen baditu. Datorren zapatuan egingo du Anaitasunak bigarren postua ziurtatzeko lehen urratsa. Aretxabaleta jasoko dute Txerloian, zapatuan. Etxeko azken neurketa izanda eta egun taldeak jokoan duena ikusita, Txerloian inoizko jende uholderik handiena bildu behar dugu.