Kolpea kolpearen atzetik

Anaitasuna CD 3
Zarautz KE 5

Lehen zatian ezezaguna izan zen Anaitasuna, eta Zarautzek aprobetxatu egin zuen Txerloia mutu uzteko.

Kolpe latza jaso zuen Anaitasunak atzo, zapatua, Zarautzen aurka Txerloian. Lehen zatian ia-ia erabakita utzi zuten lehia zarauztarrek, baina intentsitate handiko Anaitasunak markagailua estutzea lortu zuen bigarrenean. Zarautzek, ordea, bikain aprobetxatu zituen Remenen ate aurrean izandako abaguneak eta ez zion aukerarik eman Anaitasunari puntu banaketarako.

ANAITASUNA-35ZARAUTZ

Mikel Arzalluz Zarauzko jokalariek helduta. (Argazkia: Maialen Arzalluz)

Anaitasunak ez zuen Zarautzen aurkakoa aurrera ateratzerik lortu. Bisitariek bere zelaian sartu zuten Anaitasuna hasieratik, eta handik atera ezinda aritu ziren mutilak. Lerroak aurrean, presioa gogor egin zuten bisitariek eta arriskuak hartzera behartu zituzten gorrixek. 16. minutuan egin zuten kanpokoek huts eta batekoa. Zarautzek bere zelaitik urrundutako baloia Anaitasunaren area ertzean jarri zuten, eta Markelen eta Remenen arteko gaizkiulertuan baloia Zarauzko jokalariak jaso zuen bakarrik. Atea hutsik, barrura bidali zuen.

Bigarren ziztada 22. minutuan etorri zen. Ezker hegaletik kontraerasoan irten ziren bisitariak eta atera jaurtiketa eginda Remenek kornerrera urrundu zuen baloia. Korner horretan bertan, ordea, huts eta bikoa egin zuten zarauztarrek. Gureek falta eskatu zuten bigarren zutoinean izan zen bultzada bategatik, baina epaileak ontzat eman zuen gola. 35. minutuan, berriz, hirugarrena. Zarautzek bere zelaitik egin zuen pase luzea gureen lerroak aurreratuta zirela ikusita, eta aurrelariak baloia jasota ondo amaitu zuen Remenen aurrean. Atsedenaldira iritsi aurretik, Anaitasunak aukera ona izan zuen gola egiteko, baina area barruan egindako errematea kanpora joan zen.

Aldageletatik bueltan beste Anaitasuna bat ikusi zen, anbizio gehiagokoa. Leta eta Axi zelairatu zituen Artetxek eta bi jokalariak garrantzitsuak izan ziren jokoan. Aurrean mugikortasuna irabazi zuen taldeak, eta ondorioz, bi gol etorri ziren. 51. minutuan, korner erdiraketa bigarren zutoinean Axik buruz errematatuta barrura bidali zuen baloia. Txerloia piztu zuen golak.

Zarautzen area inguruan zen uneoro Anaitasuna, eta Letak eta Landak aukerak izan zituzten bigarrena egiteko. 60. minutuan egin zuten gorrixek bigarren gola. Mikel Arzalluzek pasea albora eginda barrura bultzatzea nahikoa izan zuen Letak Anaitasuna neurketan sartzeko. Handik bost minutura, ordea, zuritzen hasia zena belztu zuen berriz Zarautzek. Erdi aldetik sartu ziren bisitariak eta baloia atzelarien artetik pasata, Zarauzko aurrelariak bere oinetan jaso zuen. Hark ez zuen barkatu Remenen aurrean.

Kolpea jasota ere, aurrera jarraitu zuten gureek eta Mikel Pastrianek eta Mikel Arzalluzek hegaletik min egin zuten. Saria berandu etorri zen, 95. minutuan. Axik argi jarraitu zuen jokaldia eta atezaina eskuetan hartzera zihoan baloia kendu eta barrura bidali zuen aurrelari oƱatiarrak. Hurrengo jokaldian, baina, Zarautzek bosgarrena egin zuen ezker aldetik iritsita.

Lau aste irabazi gabe. Kolpea kolpearen atzetik jaso dute mutilek azken asteetan. Datorren astean Tolosako Usabal zelaian jokatuko dute gure mutilek, eta neurketa irabazita bigarren postua ziurtatuko dute gorrixek. Eibar lehen sailkatua bederatzi puntura urrundu da orain. Tolosak zazpi puntura jarraitzen du arratsaldeko neurketaren faltan.