Puntu banaketarekin agurtu dute liga neskek

Zarautz KE 2
Anaitasuna CD 2

Anaitasunak binako berdinketarekin agurtu zuen Zarautzen Euskal Liga.

Neurketa txukuna egin zuten neskek Zarauzko Asti zelaian. Asteazkenean, maiatzak 1, jokatu zuten 2018-19 ligako azken partida gorrixek, eta puntu banaketarekin agurtu zuten sasoia. Zarautzek hartu zuen aurrea markagailuan, Anaitasunak berdindu zuen gero, baina handik gutxira berriz ere aurrea hartu zuten etxekoek. Bigarren zatian aukera gehiago izan zituzten etxekoek, baina gola egin zuena Anaitasuna.

Anaitasuna Zarautz N

Neskek Zarautzen aurka Txerloian jokatutako neurketa. (Argazkia: Joakin Sudupe)

Denboraldiko azken hitzordua egun batzuk aurreratu zuten Zarautzek eta Anaitasunak, eta asteazkenean, maiatzak 1, agurtu zuten denboraldia; puntu banaketarekin amaitu zuten sasoia zarauztarrek eta gure neskek. Bigarren itzuli ona egin dute gorrixek, eta sailkapenaren lasaitasun postuetan amaitu dute ondorioz urtea.

Zazpigarren minutuan hartu zuen aurrea Zarautzek. Zoritxarreko jokaldi batean, gureek baloia urruntzen hasi zirenean beren atean sartu zuten baloia. neskek ahalik eta ondoen amaitu nahi zuten denboraldia, eta 16. minutuan berdinketa lortzeko abagune ona izan zuen Maria Juaristik Irantzuren erdiraketa baliatuta. Mariaren erremateari, ordea, erantzun ona eman zion Zarauzko atezainak. Miren Odriozola Anaitasunako atezainak ere gelditu onak egin zituen etxekoen arrisku jokaldietan. Etxekoen arriskualdiari erantzuten jakin zuen Anaitasunak. 22. minutuan, beriz, banakoa iritsi zen. Maider Badiolak Leire Ucini pasea egin zion hori bakarrik zegoela ikusta, eta Ucinek atezainaren aurrean jaurtiketa gurutzatuz banakoa egin zuen. 

Pozak, ordea, gutxi iraun zuen. 32. minutuan epaileak zalantzazko penaltia adierazi zuen Zarautzen alde, eta hamaika metrotatik lortu zuten zarauztarrek bi eta batekoa. Anaitasuna gehiago iritsi zen aurkariaren area ingurura lehen zatian bi eta bateko emaitzarekin, baina ez zuten orekatzeko gola egiterik lortu.

Bigarren zatian Zarautz gehiago iritsi zen Anaitasunaren area ingurura, eta aukerarik onenak eurenak izan ziren. Miren Odriozolak, baina, erantzun onak eman zizkien etxekoen aukerei. Aukerak Zarautzek, baina gola Anaitasunak. 73. minutuan, area ertzeko falta jaurtiketa zuzenean barrura bidali zuen Ainhoa Galarragak eta berdinketa lortu zuen. Etxekoek garaipena lortzeko aukerak izan zituzten azken minutuetan, baina Anaitasunak markagailuari eusten jakin zuen.

Liga amaituta Kopa txapelketa jokatuko dute orain neskek. Datozen bi asteburuetan ez du futbol partidarik izango taldeak. Maiatzaren 19ko asteburuan Leioara egingo dute bidaia, Sarriena futbol zelaian Leioako Emakumeak taldearen aurka jokatzeko. Aurrera eginez gero, Derio-Eibar kanporaketako irabazlearen aurka jokatuko dute gorrixek.