Ezin irabazi etxeko azken neurketan

Anaitasuna CD 1
Leioako Emakumeak 3

Euskal Ligako neskek ezin izan dute garaipenik lortu etxeko azken neurketan.

Anaitasunak ez zuen denboraldia etxean nahi bezala agurtzerik lortu. Bat eta hiru galdu zuten Leioako Emakumeak sailkapeneko hirugarren sailkatuaren aurka. Huts eta hiru atzetik joan ostean Maider Badiola taldeko golegileak lortu zuen markagailua itxuratzeko gola.

Leioako-Emakumeak 1

Irantzu Albizuri aurkariaren atzetik. (Argazkia: Joakin Sudupe)

Euskal Ligako neskek ez zuten etxeko azken neurketa irabazterik lortu. Lehen zati kaskarra egin zuten neskek eta Leioako Emakumeak taldeak gureen maila baliatu zuten eurena erakusteko. Gorrixek apenas iritsi ziren lehen erdian aurkariaren atera. Bizkaitarrek, bien bitartean, bi gol baino gehiago egiteko gol aukerak izan zituzten Txerloian.

23. minutuan hartu zuten aurrea kanpotarrek. Zelai erditik gureen bizkarrera luze jokatutako baloi batean aurrea hartu eta Oihana atezainaren aurrean ondo amaituta egin zuten huts eta batekoa. Anaitasunak oso gutxitan zapaldu zuen Leioako taldearen area. Euren zelaian aritu ziren minuturik gehienetan, eta aurkariarena zapaldutakoan espazio handiegiak utzi zizkion talde bisitariari kontraerasoan irteteko. Atsedenaldira iritsi aurreko jokaldian, 44. minutuan, kontraerasoan lortu zuten Oihanaren atea bigarren aldiz zulatzea Leioako taldeak. Area zapaltzeraino iritsi ziren kanpotarrak eta baloia zuen jokalariak eskuin aldera pasea eginda bakarrik aurkitu zuen laguna. Hark, atea hutsik, ez zuen barkatu huts eta bikoa egiteko aukera.

Atsedenalditik bueltan Anaitasunak beste aurpegi bat erakutsi zuen. Protagonismo handiagoa izan zuten gure neskek baloiarekin eta aukera garbiak egin zituzten gola egiteko. Halere, 52. minutuan, huts eta hirukoa egin zuten kanpokoek. Oihanak defendatzen zuen atera gogor jaurti zuten, baina lehen aldian langak ekidin zuen gola. Aldaratzea, ordea, bisitarien oinetara erori zen eta baloiari bultza egitea nahikoa izan zuten hirugarren gola egiteko.

Leioako-Emakumeak 2

Neurketa hasi aurretik argazkia atera zuten jarraitzaile txikienek jokalariekin.

Neurketa erabakita zegoen, baina Anaitasunak gol bat eskaini nahi zien Txerloiako harmailetan batutako zaleei; urte osoan emandako babesa eskertu nahi zuten gorrixek. Eta lortu zuten amaieran. Aurrez, ordea, bat baten aurkako jokaldi ugari huts egin zituzten Maiderrek eta Ane Juaristik. Maider taldeko golegileak bi abagune garbi izan zituen, eta Anek bat, Maria bere ahizparen pasea eta gero. 87. minutuan lortu zuen merezi zuen gola Anaitasunak. Maider Badiolak atezainaren aurkakoa ondo amaitu zuen gainetik jaurtita.

Penaz amaitu zuten neurketa Euskal Ligako neskek, jarraitzaileei garaipena eskaintzerik ez zutelako izan. Datorren asteazkenean, ordea, maiatzak 1, denboraldiko azken garaipena eskuratzeko aukera izango du Anaitasunak Zarauzko Asti zelai naturalean. 11:00etan jokatuko du Gorka Zubizarretak zuzentzen duen taldeak Kopa txapelketa hasi aurreko azken partida.