Trabatuta

Bergara KE 1
Anaitasuna CD 0

Bergarako porrotarekin hiru dira etxetik kanpo jarraian galdutako partidak

Anaitasunak lotuta jarraitzen du. Ezin izan zuen Bergaran bi asteko trabatzea askatu eta denboraldiko zortzigarren porrota jaso zuen, Agorrosin zelaian. Lehen zatia bigarrena baino hobea izan zen Anaitasunaren partetik baina gorrixek ez zuten aurrea hartzeko golik egiterik lortu eta etxekoek bigarren zatia hasi bezain laster lortu zuten Anaitasunari neurketa maldan gora jartzeko gola.

46881249874 bb945811e5 o

Lehen ordu laurdena Bergararena izan zen. Anaitasunaren zelaian jokatu ziren hasierako minutuak. Nahiz eta aukera asko ez izan, etxekoak gorrixen zelaian aritu ziren uneoro eta Anaitasunari kostatu egin zitzaion baloia oinetan izatea. Ondoren, Anaitasunak lortu zuen baloiaren jabetza. Bergarak, ordea, lerroak elkartu zituen eta espazio gutxi utzi zizkion Anaitasunari lerroen artetik jokoa sortzeko. Halere, Anaitasuna ondo moldatu zen baloiarekin. Jokoari zentzua eman zion taldeak, nahiz eta zirkulazioaren abiadura handia ez izan. Area ingurura iristea lortu zuten Artetxeren mutilek eta baloia galduta ere taldea ondo kokatuta izan zen baloia azkar errekuperatzeko. Azken metroetan egoera hobeak sortzea faltan bota zuen Anaitasunak.

Aukera asko ez, baina onak izzan zituen Anaitasunak Agorrosinen. Area ertzeko falta bat izan zen abagunerik onena. Mikel Aramendik zutoinera arrisku handiz jaurti zuen falta jaurtiketa. BeƱat Landak egindako jaurtiketan ere Bergarako atezainak gelditu ona egin behar izan zuen gureen gola ekiditeko. Bergarak gutxitan, baina kontraerasoan lortu zuen Anaitasunari min egitea. Lehen zatia amaitu aurretik, gainera, albiste txarra jaso zuen taldeak. Aitor Zulaikak min hartu zuen belaunean, eta ikusi egin beharko da datozen egunetan lesioa zer gradutakoa den.

Bigarren erdira ilusioz zelairatu ziren gureak, bi asteko bolada kaskarra moztekotan. Hasieran kontrolpean izan zuen Anaitasunak jokoa eta baita Bergara ere, nahiz eta gure mutilei etxekoen area ertzera iristea kostatu. Bergararen gola geldikako jokaldi baten aldaratzean iritsi zen. 51. minutuan, falta erdiraketa gureek urrundu, Bergarak aldaratzea jaso, gureen bizkarrera pasea egin eta atzetik aurrera sartu zen Bergarako jokalariak alboan bakarrik zegoen lagunari egin zion pasea, hark gola egiteko. Batzuk jokoz kanpokoa eskatu arren, epaileak legezkotzat eman zuen mahoneroen gola.

Bat eta hutsekoak Anaitasunari min eta kolpe handia eman zion. Behera egin zuen gorrixen jokoak nabarmen. Bizitasun handiegirik gabe aritu ziren gure mutilak, itxaropen handiegirik gabe, eta asko kostatu zitzaien bergararrei min egitea. Aukera gutxi egin zituzten berdinketa lortzeko. Ilusioa itzaltzen joan zen pixkanaka, desagertzen, eta azken minutuetan zuzenago jokatu arren taldea ez zen gai izan berdinketa lortzeko.

Aste Santuetako atsedenaldia izango dute orain mutilek, behar-beharrezko atsedena. Denboraldia amaitzeko lau neurketa besterik ez zaizkie gelditzen Ohorezko Mailako mutilei. Indarrak berritu eta denboraldiko azken txanpa ahalik eta indartsuen amaitzen saiatuko dira Xabier Artetxeren mutilak. Zarautz eta Aretxabaleta jasoko dituzte Txerloian, eta Tolosa eta Eibar izango dituzte aurkari etxetik kanpo. Aurkari zuzenen aurkako partidek zeresana emango dute, oraindik asko baitago jokoan Gipuzkoako Ohorezko Mailan. 12 puntu jokoan daudela, Anaitasunak bigarren postuan jarraituko du sailkapenean, Eibar liderragatik sei puntura eta Tolosa hirugarrenak baino zazpi puntu gehiagorekin.