Esanahi gutxi duen puntua

Anaitasuna CD 0
Hondarribia FE 0

Neurketa astuna jokatu dute Anaitasunak eta Hondarribiak Txerloian.

Abiadura falta izan zaio Anaitasunari lehen zatian, eta egoera neurketa hankaz gora jartzeko gutxi falta izan zaio. Hondarribiak aurrea hartzeko aukerak izan ditu, baina Anaitasunak ere izan ditu garbiak. Atea zulatzea bigarren zatirako utzi dute Anaitasunak eta Hondarribiak, baina ez dute lortu. Hondarribiak sendo defendatu de bere atea, eta Anaitasuna ez da gai izan izan dituen aukera garbiak aprobetxatzeko.

Anaitasuna Hondarribia

Mikel Pastrian, baloiarekin.

Estu hartu du Hondarribiak Anaitasuna hasieran, eta bisitarienak izan dira aukerarik onenak. Halere, lehen abagunea Anaitasunarena izan da. Mikel Arzalluzek sakonean jokatutako baloian Aitor Diezek bere oinetan izan du bat eta hutsekoa. Bisitariek, ordea, atepetik atera dute baloia. Gero aukera onenak Hondarribiak izan ditu. Gureei goitik egin diete presioa, eta baloi galtze arriskutsuak egin dituzte gorrixek. Ordu laurdena beteta izan du huts eta batekoa egiteko abagune garbia Hondarribiak. Area txikitik egindako jaurtiketa zutoinaren kanpotik bidali dute.

Minutuek aurrera egin dute Txerloian, baina mutilek ez dute joko onik egiterik lortu. Motel, erritmo gutxirekin aritu dira, eta aukera gutxi egin dituzte. Letak Aitor Diezen erdiraketan izan du aukera, baina errematea atezainak gelditu dio. Lehen zatiaren amaieran Hondarribiaren atetik gertuago izan da Anaitasuna, eta Axik bi aukera izan ditu gola egiteko. Lehena Letak atzera egindako pasean izan du, eta bigarrena, Mikel Arzalluzek atzelarien gainetik pasea egin, arean kontrola egin eta atera jaurtita.

Atsedenaldiaren ostean, Anaitasuna nagusi izan da. Uneoro bisitarien zelaian jokatu dute gorrixek, eta 60. minutuan Axik izan du gola egiteko aukerarik garbiena. Mikel Arzalluzekin jokatuta aldaratzea oƱatiarraren oinetara erori da, baina jaurtiketa gora atera zaio. Mikel Pastrianek ere izan du eskuin hegaleko erdiraketa batean jaurtita. Arrisku gutxi sortu dute oro har mutilek, eta ez dute lortu Hondarribiaren harresia gainditzerik.

Luzapenean sartu eta segundo gutxira, gainera, bisitariek gola egiteko aukera ederra galdu dute kontraerasoan. Remenen ezker zutoinaren aldetik kanpora joan da. 92. minutuan, berriz, Anaitasunarena izan da abagunea eta gertu izan dute garaipena. Eskuin hegaletik iritsi dira gureak, eta Mikel Pastrianek Anderri baloia bikain utzita, aurrelariak jaurtiketa gora bidali du. Hor agortu dira Anaitasunaren aukerak eta itxaropenak.

Denboraldo honetan Anaitasunak berdindu duen lehen neurketa izan da gaurkoa. Eibarrek Hernaniren aurka berdinduta, eta Tolosak etxean Zarautzen aurka galduta, sailkapenak antzera jarraituko du. Eibarrek hiru puntuko abantaila izaten jarraituko du Anaitasunarekiko. Tolosa orain zazpi puntura urrundu dute gorrixek. Datorren asteburuan Bergarako Agorrosin zelaian jokatuko dute mutilek, zapatuan 17:00etan.