Amaiera mingotsa Deban

Amaikak Bat KE 1
Anaitasuna CD 0

Luzapeneko korner jokaldi batean lortu zuen Debako taldeak Anaitasuna garaitzeko gola, eta ondorioz lidertza hiru puntura urrundu zaie orain gorrixei.

Ohorezko Mailako mutilek galdu egin zuten Debara egindako bidaian. Neurketa luzapenean sartuta eta gehiagorako denborarik ez zenean, Amaikak Bat taldeak korner jokaldi batean lortu zuen Anaitasuna garaitzeko gola. lehen zatia irekiagoa izan zen Errotazar zelaian, bigarrena estuagoa.

Amaikak-Bat-Anai

Anaitasunak hasiera ona eman zion neurketari, Deban. Ideia zen lehen minutuetan debarren zelaian jokatzea, eta horretarako ohi baino baloi luze gehiago jokatu zuen taldeak, bigarren baloiak hartu eta azken metroei abiadura emateko asmoz. Eta hasi, horrela hasi zen Anaitasuna. Korner jokaldi asko izan zituzten alde mutilek, eta area ertzetik Mikel Pastrianek langara ere bidali zuen baloia. Amaikak Bat gero min egiten hasi zen kontraerasoan eta geldikako baloietan. Kontraerasoan irtendako jokaldi batean etxekoek ere langara bidali zuten jaurtiketa bat.

Nor baino nor gehiago aritu ziren Amaikak Bat eta Anaitasuna. Anaitasuna bere zelaian jokatzen saiatzen zen, zelaia ondo itxi zuen Amaikak Bat taldearen aurrean. Espazio gutxi zeuden jokorako eta baloi luzeen bitartez min egin zuen taldeak. Etxekoen arean min egitea lortu zuten gorrixek. Axi aurrelari oñatiarrak izan zituen aukerarik onenak. Amaikak Batek ere korner jokaldi baten aldaratzea eta gero langara bidali zuen bigarren jaurtiketa bat. Lehen zatian Anaitasunak hiru-lau aukera izan zituen, eta Amaikak Batek bi-hiru. Gogorra izan zen lehen zatia.

Bigarren zatian ez zen lehen zatian adinako aukerarik izan. Amaikak Bat taldeak metro batzuk atzera egin zuen, eta kontraerasoan irteteko ideia garbiagoa izan zen etxekoen partetik. Presaka ere ikusi ziren tartean-tartean Artetxeren mutilak; gola azkar bilatu nahian jardun zuten gure mutilek. Zelai erdian espazio gutxi zen, baina Anaitasuna erditik jarduten tematu zen, saririk gabe; area ertzera iristea lortzen zuen, baina aukera garbirik ez zuten egin. Neurketa amaitzeko zortzi minuturen faltan izan zuen Anaitasunak huts eta batekoa egiteko abagune garbiena. Ezker aldetik sakon jokatu zuten gorrixek Axirekin, oñatiarrak atzera pasea egin zuen, baina Mikel Arzalluzen jaurtiketa atepetik atera zuen atzelari batek.

Presarik ez, baina aukera zuenean aprobetxatzen jakin zuen Amaikak Batek, eta bat eta hutsekoa izan zitekeen minuturik okerrenean iritsi zen Anaitasunarentzat. Aurretik falta erdiraketa batean Xuban Badiolak Anaitasuna birritan salbatu zuen bi geldiketa on eginda, baina 94. minutuan ez zuen baloia gelditzerik lortu. Etxekoen aldeko korner erdiraketa bigarren zutoinera erdiratu zuten, buruz ukitu gero, eta etxekoek jokaldia jarraituta Xuban atezainak defendatzen zuen atearen barruan amaitu zuen baloiak.

Golarekin batera amaitu zuen neurketa epaileak. Kolpea benetan latza izan zen; amaiera mingotsa izan zuen Anaitasunak Deban. Datorren asteburuan sailkapeneko azkena —Hondarribia— jasoko dute mutilek Txerloian. Egoera iraultzeko eta lehen postutik gertu jarraitzeko aukera ona izango dute gorrixek zapatuan, 17:00etan.