Distirarik gabe, garaipena

Anaitasuna CD 2
Deusto Donostia 0

Distirarik ez, baina lana gogotik eginda aurrera atera dute mutilek Deusto Donostiaren aurkako neurketa

Anaitasunak ez du hutsik egin, eta beste hiru puntu garrantzitsu batu ditu Deusto Donostiaren aurka. Distira gutxiko neurketa jokatu dute gorrixek, eta sufrituta, landuta eta guztiek bat eginda, aurrera atera dute neurketa. Aurkariak asko zuen jokoan, jaitsiera postuetatik irteteko azken aukerak baitituzte donostiarrek. Zailtasunei elkarrekin aurre egin diete eta beste garaipen bat batu dute Artetxeren mutilek. Lehen zatian Ander Arabaolazak lortu du Anaitasunaren aldeko gola, eta luzapenean Mikel Arzalluzek hartu dio lekukoa Arabaolazari; izan ere, Deusto Donostiaren aurkako partida Korrikaren aldeko eguna izan da Txerloian, eta atsedenaldian Korrika txikia egin dute dozenaka lagunek.

AnaiDeusto

Ander Arabaolaza baloiarekin. (Argazkia: Maialen Arzalluz)

Bi taldeek abisu bana emandakoan iritsi da Anaitasunaren lehen gola. Deusto Donostiakk korner jokaldi batean izan du gol aukera, baina gureek jokaldia ondo jarraitu eta abagunea moztea lortu dute. Anaitasunak, berriz, Xabi Azkoitiaren erdiraketa gaiztotutakoan izan du lehen aukera. Jauzi ona eginda, kornerrera urrundu du Deustoko atezainak Azkoitiaren saiakera. 22. minutuan, ordea, gorrixek ez dute barkatu. Gureek kornerra atera eta lehen aldian urrundu egin dute bisitariek, baina Xabik baloia hartu du aldaratzean gero erdiratzeko, eta Anderrek lepoa indartsu biratuta buruz bikain amaitu du jokaldia.

33. minutuan, Deusto Donostiak banakoa egiteko aukera izan du. Area ertzeraino iritsi dira eta erdi aldetik gure atzelarien bizkarrera egindako pasean jokoz kanpokoa ikusi eta eskatu dute gure jokalariek, baina marrazainak guztien harridurarako ez du ezer adierazi. Deustoko jokalariak jaurtiketa egin eta Xubanek defendatzen zuen atearen albotik kanpora bidali du gutxigatik. Atsedenaldira iritsi aurretik, berriz, Anaitasunak bigarren gola egiteko bi aukera izan ditu. Lehena Mikel Arzalluzek izan du; bere jaurtiketa atepetik atera dute. Bigarrena, berriz, Markel Eskurtza kapitainak izan du, baina bere burukada zutoinaren ondotik kanpora joan da.

Atsedenaldian aurretik zen Artetxeren taldea, baina neurketak irekita jarraitzen zuen. Aldageletatik bueltatu eta lehen aukera, gainera, bisitariek izan dute. 56. minutuan ezker aldetik eskuin aldera irauli dute jokoa donostiarrek, eta area barruan baloia jasota Xuban lanean jarri dute. Anaitasunaren atepeko mutilak behean eskua indartsu luzatuta gelditu ona egin du bisitarien gola ekiditeko. Bigarren zatian, oro har, aukera gutxi izan dira Txerloian, eta garbienak bisitarienak izan dira. 86. minutuan, berriz ere Xuban atezaina izan da protagonista. Gureek areatik metro gutxira baloia galdu, eta donostiarrak area barruan sartu dira eskuin aldetik. Jaurtiketa gurutzatu dute azpitik, baina Xubanek beste behin eskua bikain atera du, eta kornerrera urrundu du baloia.

Azken minutuetan Deusto Donostiak aurrera egin du eta atzean arriskuak hartu dituzte. Anaitasunari kontraerasoan irteteko aukera zabaldu zaio, baina ez dituzte zelaian zeuden espazioak baliatu; euren zelaian ziren Deustoren azken saiakerak eteten. Korrika irteteko izan duen abagune bakarrenetakoan egin dute min mutilek, Mikel Arzalluzen eskutik. Area ertzeraino sartu da aurrelaria, baina jaurtiketa egin aurretik lurrera bota du Deustoko jokalari batek. Epaileak txartel horia erakutsi dio jokalari donostiarrari. Lehen aukeran utzi ez badiote ere, falta jaurtiketan bere dohainak erakutsi ditu Mikel Arzalluzek. Atezainaren aldetik indartsu eta zutoinari itsatsita, jaurtiketa bikaina egin du atera, eta Anaitasunari garaipena ziurtatu dion gola egin du. Datorren asteburuan mutilek Debara egingo dute bisita, Amaikak Bat taldearen aurka jokatzeko.