Liderrari hortzak erakutsi dizkiete neskek

Anaitasuna CD 1
Tolosa CF 2

Gutxi falta izan dute Euskal Ligako neskek liderrari puntu bat kentzeko. Neurketa irekia eta aukera askokoa jokatu dute San Juanen.

Saria merezi arren, esku hutsik amaitu du neurketa Gorka Zubizarretak zuzentzen duen taldeak. Tolosa liderrak gogotik egin behar izan zuen lan San Juanen hiru puntuak batzeko. Bisitariek bi goleko errenta lortu zuten hogeigarren minuturako, baina atsedenaldiaren aurretik lortu zuten gorrixek aldea murriztea, eta bigarren zatian hortzak erakutsi zizkieten tolosarrei. Luzapenean gertu izan zuten gureek berdinketaren gola.

ANAITASUNA TOLOSA KRONIKA

Zihara Gabilondo eta Ania Subinas Tolosako jokalari baten aurka. (Argazkia: JaviUrola)

Anaitasuna gogotsu zelairatu zen, liderrari irabazi nahi zion Zubizarretaren taldeak. Markagailuan aurrea hartzeko bi aukera izan zituzten neskek lehen minutuetan. Lehenak, gainera, zalantza handia sortu zuen San Juango harmailetan bildu zen jendetzaren artean. Ainhoa Galarragak maisutasunez jaurti zuen, beste behin, area ertzeko falta jaurtiketa, eta langa jo ondoren beheraka erori zen baloia. Botea ate barruan edo kanpoan egin zuen sortu zen zalantza. Epaileak ez zuen gola eman. Handik gutxira, Maria Juaristik gertu izan zuen gola atzelari tolosarrek egindako hutsaren ondoren. Atezainari aurrea hartu eta Mariak buruz errematea egin bazuen ere, ez zuen atera bideratu eta bisitariek urruntzea lortu zuten.

Tolosak ere ez zuen asko iraun Anaitasunaren ate-eremura iristen, eta 4. minutuan Oihana proban jarri zuten. Lehen geldiketa area ertzeko jaurtiketa batean egin zuen, eta bigarrena aldaratzea baliatu zuen jokalariari jaurtiketa geldituta. 13. minutuan, ordea, oparia egin zuten gorrixek. Ainhoak Oihanari egindako pasea motz gelditu zen, eta Oihana urruntzen hasi zenean Tolosako aurrelariak ostu zuen baloia eta segidan ate barrura bidali zuen. 20. minutuan, berriz, area kanpoko jaurtiketa ezin hobeto jaurtita, barrura bidali zuten tolosarrek, huts eta bikoa egiteko. Ezer gutxi eginda liderrek bi goleko errenta lortu zuten San Juanen.

Anaitasuna aurkariari neurria hartzen hasi zen pixkanaka, nahiz eta aukerarik ez egin. Atsedenaldira iritsi aurretik Leire Ucinek izan zuen abagune bat; area ertzeko jaurtiketa atezainaren eskuetara bidali zuen. 43. minutura iritsi aurretik, ordea, Maider Badiola taldeko golegileak ez zuen barkatu aukera, eta pil-pilean jarri zuen partida. Tolosaren area barruan jasotako baloia ezin hobeto amaitu zuen aurrelariak.

Bigarren zati osoa zuen Anaitasunak liderrari puntuak kentzeko. Bi taldeek egin zituzten aukerak, baina garbienak kolore gorrikoak izan ziren. 61. minutuan, Leire Ucinek Maider Badiolaren pasea baliatzeko aukera bikaina izan zuen. Area barruan sartu zen hegalekoa, baina atezainaren aurrean zalantza egin zuen eta azkenean ezerezean gelditu zen aukera. Tolosak, bere aldetik, hegaleko sakeetatik min egin zuen, eta baita area kanpoko jaurtiketa batean ere. Oihana atezainak erantzun ona eman zion jaurtiketari eta kornerrera urrundu zuen baloia.

Neurketa luzapenean sartzear zela, Maider Badiolak gertu izan zuen binakoa. Area barruan bakarrik gelditu zen golegilea, baina jaurtiketa gehiegi gurutzatu zuen, eta kanpora joan zen baloia. Azken aukera horretan izan zuen binakoa Anaitasunak. Estu hartu zituzten azken minutuetan tolosarrak; denbora gelditzeko eskatzen amaitu zuten San Juanen liderrek.

Azkenean esku hutsik amaitu zuten neurketa gorrixek. Gogotik saiatu ziren Anaitasunako neskak eta neurketa txukuna burutu zuten, hasieratik amaierara arte. Denboraldia amaitzeko lau neurketa besterik ez zaizkie gelditzen neskei —bakarra etxean, Leioako Emakumeak hirugarren sailkatuaren aurka—. Datozen bi jardunaldian Barakaldon jokatuko dituzte neskek. Lehena, datorren asteburuan, Pauldarrak sailkapeneko laugarrenaren aurka jokatzeko.