Ezustea bigarren zatian ekidin du Arratiak

Arratia 6
Anaitasuna CD 2

Lehen zatian nagusi izan zen Anaitasuna, baina bigarren zatiaren amaieran neurketa puskatzea lortu zuten bizkaitarrek.

Anaitasunak gertu izan zuen balentria atzo, igandea, Arratia bigarren sailkatuaren etxean. Lehen zatian taldea eraginkorragoa izan zen eta Arratiari bi gol baino gehiago egiteko aukera garbiak izan zituzten. Atsedenalditik bueltan, ordea, esnatu egin zen etxeko taldea, eta azken minutuetan aukerarik gabe utzi zuen Anaitasuna.

Ane-Juaristi Arratia

Ane Juaristi, San Juanen Arratiaren aurka jokatutako partidan. (Argazkia: Joakin Sudupe)

Etxeko taldeari punturen bat kentzeko asmoz joan ziren gure neskak Igorreko Urbieta zelaira, eta ez zuten urrun izan helburua lortzea. Etxeko taldea indartsu hasi zen eta aukera bat edo beste izan zuten bat eta hutsekoa egiteko, baina lehen kolpea Anaitasunak eman zuen. Guztia oso azkarra izan zen. Maider Badiolak egin zuen huts eta batekoa, 16. minutuan; abiadura handiz sartu zen bakarrik Arratiaren areara, eta ondo amaitu zuen jokaldia golegileak. Minutu eskasera, baina, Arratiak berdinketa egitea lortu zuen Oihanak egindako geldiketa onaren aldaratzea aprobetxatuta. 

Ordu erdia bete aurretik, Maiderrek bat eta bikoa egiteko aukera ederra izan zuen atezainak huts eginda, baina aurrelariak ez zuen aterik asmatu. 30. minutuan, halere, Maria Juaristik lortu zuen gola; oinaren puntarekin ondo amaitu zuen jokaldia. Lehen golarekin gertatu bezala, Arratiak binakoa egiteko aukera ederra izan zuen segituan, baina Oihana atezainak emandako erantzuna aparta izan zen; gol bat baino gehiago ekidin zituen Anaitasunaren atepeko neskak. Atsedenaldira iritsi aurretik, berriz ere Maria Juaristi izan zen protagonista. Ezker hegaletik sartu zen area barrura eta jaurtiketari erantzun ona eman zion beste ateko atezainak.

Bigarren zatian Arratia gehiago izan zen, eta hasieratik estutu zuen Anaitasuna. Gorrixei ikaragarri kostatu zitzaien etxekoen presioa gainditzea, eta euren zelaitik irten ezinda aritu ziren. 52. minutuan berdindu zuten partida bizkaitarrek, korner jokaldi batean. Gureek oso bigun defendatu zituzten geldikako jokaldiak, eta Arratiak bi gol egin zituen modu horretan. 

Anaitasunak ondo eutsi zion etxekoek erakutsitako indarraldiari, baina 70. minututik aurrera puskatu zuen neurketa Arratiak.  72. eta 77. minutuetan euren zelaitik luze gure nesken defentsa lerroa gaindituz egindako paseekin hautsi zuten Anaitasuna. Lehen gola Oihanaren aurkakoa gaindituta lortu zuten etxekoek, eta bigarrena arera azpitik egindako erdiraketa batean baloia atera bultzatuta. Arethak bi abagune eder ere izan zituen neurketa estutzeko. Maider Badiolak eskuin hegaletik egindako erdiraketa ez zuen aprobetxatu, eta bigarrenean atezainaren aurrean huts egin zuen. Arratiak bi gol gehiago egin zituen neurketa amaitu aurretik, biak luzapenean. Lehena korner erdiraketa bigarren zutoinean bakarrik eta lasai buruz errematatuta, eta azkena area ertzeko falta jaurtiketa batean. 

Nahiz eta markagailuko aldea handiegia izan, taldea gustura egoteko arrazoiekin da. Lehen zatian ligako talde onenetako bat estu eta larri, arazoetan sartu zuen. Datorren asteburuan, etxean aritu dira gure neskak eta ez dute aurkari makala izango. Denboraldi guztian neurketa bakarra galdu duen Tolosa txapelketako liderra jasoko dute zapatuan San Juanen, 15:30ean.