Egun txarra Oiartzunen

Oiartzun KE 3
Anaitasuna CD 1

Mutilek neurketa kaskarra burutu zuten joan den zapatuan, Oiartzungo Karla Lekuonan. Eibarrekin puntuz berdinduta badaude ere, lehen postua galdu dute gorrixek.

Ez zen Anaitasunaren egunik onena izan. Mutilak euren talde jokotik urrun izan ziren, eta Oiartzunek neurketaren irakurketa ondo eginda, hiru puntuak etxean gelditzea lortu zuen. Atsedenaldira banako ematzairekin iritsi zen neurketa, baina minutu gutxian erabakita utzi zuen bigarrenaren hasieran. Azken hamabost minutuak soilik eskuratu zituen Anaitasunak, eta gol aukera bat edo beste izan bazuen ere, erreakzionatzeko denborarik gabe gelditu zen taldea.

IMG 2903

Axi baloiarekin Karla Lekuona zelaian. (Argazkia: Maialen Arzalluz) 

Baloia Anaitasunarena izan zen zapatuan Karla Lekuona zelaian, baina ez zion etekinik atera. Behin baino gehiagotan lortu zuen taldeak aurkariaren lehen presioa lerroa gainditzea, baina abiadura motelean aritu ziren gorrixek, eta ezin izan zituzten aurkariak ezustean harrapatu. 

Aukera argirik gabe zihoan partida Oiartzunen, baina lehen kolpea etxeko taldeak eman zuen. 23. minutuan, jokaldi luzea egin zuten oiartzuarrek, eta pixkanaka-pixkanaka gure mutilen defentsa egitura zatitzen joan zen, baloia ezker hegalera iritsi zen arte. Handik egin zuten erdiraketa etxekoek, eta baloia area barruan bakarrik jaso zuen Oiartzungo jokalariak ez zuen birritan pentsatu. Atera jaurti, eta zutoinak lagunduta Xuban Badiolak defendatzen zuen ate barrura bidali zuen baloia. 

Gureek korner erdiraketa batean eman zuten lehen abisua minutu gutxira. Izak buruz gertu izan zuen errematea, baina aldaratzea Mikel Arzalluzek jaso zuen eta taldeko golegileak gertu izan zuen banakoa. 25. minutuan lortu ez zuena, handik hamar minutura lortu zuen. Ezker hegal aldera lotutako falta jaurtiketa azpi-azpitik bota zuen Arzalluzek, eta guztiak ezustean harrapatuta, ate barrura joan zen aurrelariaren jaurtiketa. Banakoarekin iritsi zen neurketa atsedenaldira. 

Bigarren zatia, ordea, ahaztezina izan zen. Taldea ez zen neurketak eskatzen zuen erritmoarekin zelairatu aldageletatik, eta bi eta batekoa 49. minutuan egin zuten. Ezker hegaletik iritsi ziren oiartzuarrak, eta azpitik erdiraketa eginda Xuban gainditu zuen etxeko jokalari batek. Atearen aurrean bultza bakarrik egin zion baloiari gola egiteko. 55. minutuan, berriz, azken hiru eta batekoa egin zuten etxekoek. Anaitasunak zelai erdian baloia galduta, eskuin hegaletik areara pasea egin zuten gure defentsen gainetik. Oiartzuarrek bikain jarraitu zuen jokaldia eta area barrura bi jokalari sartu ziren bakarrik. Atzelarien gainetik pasea jaso zuenak ondo bideratu zuen baloia, eta alboan zuen lagunari pasea eginda, partida erdi erabakita utzi zuen.

Anaitasuna noraezean zen une horretan. Oiartzunek denbora gutxian bi kolpe handi eman zizkion eta asko kostatu zitzaion lurretik altxatzea. Laugarren gola egiteko aukera aproposa izan zuen 60. minutura iritsi aurretik. Kontraerasoan azkar atera ziren etxekoak, baina Xubanen oinek ekidin zuten gola. Azken hamabost-hogei minutuetan nagusitu egin zen Anaitasuna Oiartzunen, baina ez zen eraginkorra izan. Aramendik eta Mikel Arzalluzek izan zituzten aukera garbienak. Aramendik jaurtiketa indartsua egin zuen areatik, eta Mikel Arzalluzek ez zuen amaiera emateko inor aurkitu eskuin hegaletik egindako jokaldian.

Bost asteko garaipenaren boladak Oiartzungo Karla Lekuonan izan zuen helmuga. Berriz ere bolada ona aurkitzeko ordua iritsi zaio taldeari. Denboraldia amaitzeko zortzi jardunaldi falta dira, lau etxean eta beste hainbeste etxetik kanpo. Lehena jaitsiera postuetan den Deusto Donostia taldearen aurkakoa izango da. Mutilek igandean jokatuko dute, 17:00etan eta neurketa 21. Korrikaren aldekoa izango da.