Garaipena txirrinak jo aurretik

Anaitasuna CD 2
Real Union SAD 1

Julen Aramendik azken segundoan egindako golak urrezko garaipena eman dio Anaitasunari

Anaitasunako zaleek azken unera arte itxaron behar izan zuten euren taldearen garaipena ikusteko. Hasieratik bere zelaian sartu zen Real Unionek gauzak oso zail jarri zizkien gure mutilei, eta gainera, markagailuan aurrea hartu zuten. Anaitasunari izugarri kostatu zitzaion aurkariak sortutako sarekada gainditzea, baina aulkitik irtendako Jon Letamendiak eta Julen Aramendik garaipena etxean gelditzeko bi gol egin zituzten, 78. eta 95. minutuetan.

IMG 2605

Jokalariak Julen Aramendiren bi eta batekoa ospatzen. (Argazkia: Maialen Arzalluz)

Neurketa deserosoa izan zuen Anaitasunak Real Unionen aurka. Hasiera-hasieratik lerro guztiak itxi zituen Irungo taldeak, eta Anaitasunari asko kostatu aurrera egitea. Baloia uneoro gure mutilek izan zuten, baina abiadura handiegirik gabe mugitu zuten baloia alde batetik bestera. Irundarren areara iristea asko kostatu zitzaien. Gauzak gehiago okertu ziren, gainera, 22. minutuan. Eskuin hegaletik iritsi zen Real Union, eta areara erdiraketa eginda bakar-bakarrik egin zuen atera jaurtiketa Irungo jokalari batek. Gureek akatsa egin zuten jokalariaren zaintzan, eta bisitariek ez zuten barkatu. 

Handik gutxira izan zuten, ordea, gorrixek berdinketa egiteko gol aukera. Ander Arabaolazak eskuin hegaletik erdiratutako baloia buruz zutoinera bidali zuen Aitor Zulaikak, eta aldaratzean, Mikel Arzalluzek ez zuen asmatu jokaldia behar bezala amaitzen. Aukera hori izan zen Artetxeren taldeak lehen zatian izan zuen garbiena. Gainerakoa oso errepikakorra izan zen. Anaitasuna baloiarekin, baina Real Union gehiago defentsan.

Bigarren zatian jarrita zuten begirada Anaitasunako zaleak, eta jokalariek ez zuten hutsik egin. Lehen minututik jarri zuen taldeak berea, eta aukera gehiago sortu zituen, nahiz eta jarraitzaileek amaierara arte itxaron behar izan zuten garaipena ikusteko. Mikel Arzalluzek eman zuen lehen abisua baloi luze baten ondoren, eta Axik ondorengo bietan. Lehen burukada kanpora joan zitzaion oƱatiarrari, baina bigarrena garbiagoa izan zen. Ezker hegaletik erdi aldera sartutako baloia ezin izan zuten Irungo atzelariek moztu, eta Axik jokaldia bikain jarraituta, area ertzean bakarrik jaso zuen baloia. Zetorkion moduan atezainaren gainetik bota zuen, baina jaurtiketak ez zuen behar adinako garaierarik hartu, eta atezainak eskuekin harrapatu zuen.

Anaitasunaren beroaldia hozten joan zen, baina onena etortzeko zegoen Txerloian. Zelaian hogei minutu zeramatzan Jon Letamendiak aukera ederra izan zuen 77. minutuan banakoa egiteko. Area barruko jokaldi korapilatsu batean bere oinetan jaso zuen baloia Letak, eta indartsu jaurtita baloiak Irungo jokalari baten soinean jo, eta kornerrera joan zen. Kanpotarren jokalari hargatik ez balitz, baloia barruan zen. Halere, korner horretan bertan lortu zuen Anaitasunak banakoa egitea. Aurreko aukera bakartu egin zuen, baina bigarrena ez. Korner erdiraketa ezin hobeto gurutzatu zuen buruz Letak, eta zutoinaren albotik barrura joan zen. 

Nekea nabari zen jokalariengan, baina taldea piztu egin zen golarekin. Amaierara arte borrokan jarraitzeko ilusioa zabaldu zen Txerloian. Irundarrek jokoa eten eta denbora irabazi zuten behin eta berriz, baina onena iristeko zegoen. Zelai erdiko falta areara zintzilikatu zuten gureek, eta Izagirrek buruz lehia irabazita, Axik ukitu zuen. Mikel Arzalluz saiatu zen gero jokaldiari jarraipena ematen, baina zeharo nahastu zen jokaldia baloia Julen Aramendiren oinetara erori zen arte. Ordezkoen aulkitik irten berria zen Aramenditar gazteenak eskuinez sareetara bidali zuen baloia. Txerloiak eztanda egin zuen. Zelaian bezala harmailan, guztiek saltoka ospatu zuten Anaitasunaren gola, bai baitzekiten hiru puntuak etxerako zirela. Eta horrela izan zen. Hiru puntuak Anaitasunak jaso zituen

Sufrituta eta izerdia gogotik botata, Anaitasunak lider jarraitzeko garaipen garrantzitsua lortu zuen Real Unionen aurka. Gauzak oso zail jarri zituen Irungo taldeak Txerloian, baina jokoan lortu ez zuena geldikako jokaldietan erabaki zuen Anaitasunak. Datorren asteburuan Oiartzungo Karla Lekuona zelaira egingo dute bidaia Artetxeren mutilek.