Lan onaren saria Mojategin

Mondragon CF 0
Anaitasuna CD 2

Anaitasunak azken minutuetan birritan zulatu zuen Mondragonen atea. Mikel Pastrian eta Asier Ugarte izan ziren hiru puntuak etxera ekartzeko arduradunak.

Ondo landutako garaipena lortu zuen Anaitasunak, Mojategik. Arrasateren planteamenduak harritu egin zituen gureak, planteamendua defentsiboa izan baitzean. Bere zelaian sartu ziren hasieratik arrasatearrak, eta lerroak zeharo elkartuta aurkitu zituzten gureek. Lehen zatian abiadura eta erritmoa falta izan zituen taldearen jokoak, baina bigarren zatian hobera egin zuten gorrixek eta azken minutuetan lortu zituen garaipena lortzeko bi golak.

MondraAnai

Axi Mondragon taldeko jokalari baten aurrean. (Argazkia: Maialen Arzalluz)

Mondragonek lerroak elkartuta egin zuen lan Anaitasunaren aurka. Euren zelaian sartu ziren lehen minututik Anaitasunari espazioak ixteko helburuarekin. Baloia berreskuratu eta hegaletatik kontraerasoan irteteko asmoa erakutsi zuten, gainera. Anaitasuna adi egon zen defentsa lanean, eta etxekoek ez zuten aukera garbirik izan gola egiteko.

Etxekoen egoerari aurre egiteko pazientzia beharrezkoa izan zuen Artetxeren taldeak baloia mugitzerakoan. Lehen zatian erritmoa eta abiadura faltan bota zituen arrasatearren lerroak hausteko. Asko kostatu zitzaien gureei etxekoen areara iristea. Mikel Arzalluzek eta Ander Pastrianek pare bat aukera on egin zituzten lehen zatia amaitu aurretik, baina, oro har, sakontasun gutxirekin aritu zen taldea.

Bbi mugimendu egina, eta jokoari abiadura eta erritmoa ezarrita, sakontasuna bilatzeko helburuarekin zelairatu zen taldea bigarren erdira, eta lortu zuen taldeak. Aurkariaren area ingurura erraztasun handiagoarekin iritsi zen Anaitasuna eta etxekoei asko kostatu zitzaien kontraerasoan irtetea. Mikel Arzalluz eta Xabi Azkoitiaren eskutik eta Mikel Aramendiren laguntzarekin sakontasun gehiago izan zuen taldeak, bereziki ezker hegaletik. Areara erdiraketa batzuk egiteko gai izan ziren gureak eta egoera onak aurkitu zituzten abaguneak sortzeko.

Denborak aurrera egin zuen, ordea, eta markagailuak hutsean jarraitu zuen. Etxeko taldeak baloirik gabe egin zuen ordura arteko lan guztia. Nekea eta esfortzua nabaritzen hasi zen berdegunean Mondragon, eta Anaitasunaren mesedetan espazioak ireki egin ziren. Axi zelairatu zuen Artetxek, eta berea izan zen ordura arteko gol aukera garbiena. Mikel Aramendiren korner erdiraketa bigarren zutoinaren parean langara bidali zuen Oñatiko aurrelariak. Bigarrena abagunea ere oñatiarrarena izan zen. Area ertzetik behetik egindako jaurtiketa zutoinaren albotik joan zen atearen alboko sarera.

Anaitasuna gero eta erasokorragoa ari zen izaten Mojategin, eta 83. minutuko korner jokaldian epaileak Mikel Pastriani egindako penaltia adierazi zuen. Mondragon taldeko jokalari batek eskuekin heldu zion Pastriani, eta epaileak ez zuen zalantzarik ere egin area barruko falta adierazteko. Erdilaria izan zen hamaika metrotako jaurtiketa egiteko ardura hartu zuena, eta Pastrian anaietako zaharrenak ez zuen hutsik egin. Anaitasuna aurretik zen amaierara iristeko zazpi minuturen faltan.

Golak planteamendu guztia aldatu zion Mondragon taldeari, eta lerroak gehiago banatu zituen etxeko taldeak. Anaitasunak espazio gehiago aurkitu zituen orduan. Leta aurrelaria ere zelairatu zuen Artetxek, eta Axi eta Letaren arteko jokaldi batean iritsi zen gorrixen aldeko bigarren gola. Axik pase bikaina egin zion Letari eta eskuin hegaletik Mikel Arzalluzi erdiratzen hasi zenean atezainak urrundu zuen baloia. Penalti puntuaren parean gelditu zen atezainaren aldaratzea, ordea, eta Axik jokaldia bikain jarraituta ate barrura bidali zuen baloia. Bigarren golak erabakita utzi zuen Mojategi zelaiko partida.

Ondo landutako garaipena lortu zuen, beraz, Anaitasunak. Etxeko taldearen planteamendu defentsiboak garesti jarri zizkion puntuak Arrasaten, baina taldea ez zen ernegatu, pazientzia ere ez zuen galdu, eta lidertza berreskuratzeko hiru puntu batu zituen Mojategi zelaian —Eibarrek bat eta huts galdu zuen Debako Errotazar zelaian Amaikak Bat taldearen aurka—. Anaitasunak egindako neurketa betea izan zen, eta taldeak uneoro jakin zuen zer egin.

Datorren asteburuan beste aurkari zail bat izango dute gorrixek. Zapatuan, 17:00etan, Hernani jasoko dute mutilek Txerloian. Etxean sei neurketa baino ez zaizkio gelditzen Artetxeren taldeari; 18 puntu daude jokoan Azkoitian, eta puntu bakoitza zein baino zein garrantzitsuagoa izango da goiko postuengatik borrokan jarraitzeko.