Neskak, etenik gabe

Oiartzun KE 1
Anaitasuna CD 2

Neskek bosgarren garaipena lortu dute jarraian. Partida ona burutu ez duten arren, sufrituta hiru puntu lortzeko gai izan dira gorrixek, Oiartzunen.

Ez dute bolada ona eteterik nahi Euskal Ligako neskek. Oiartzunen aurka balio handiko beste garaipen bat lortu zuen Gorka Zubizarretak zuzentzen duen taldeak. Lehen zatian baloi gehiago izan zuen Anaitasunak, baina atsedenaldira banako emaitzarekin iritsi zen neurketa. Bigarren zatian oiartzuarrak nagusitu ziren berdegunean. Anaitasuna uneoro bere zelaian sartuta izan zuen etxeko taldeak. Ainhoa Galarragaren golak, ordea, garaipena eman zion taldeari. Bost dira Euskal Ligako neskek jarraian lortutako garaipenak. Ez da marka makala.

OiartzunANai

San Juanen bezala, Oiartzunen ere neurketa gogorra jokatu zuten neskek. (Argazkia: Joakin Sudupe)

Neurketa nahasia jokatu zuten Oiartzunek eta Anaitasunak, Karla Lekuona zelaian. Lehen zatian Anaitasunak baloi gehiago izan zuen bere oinetan, eta ez zuenean ere espazioak ondo itxi zizkion etxeko taldeari. Lana ona izan zen lerro guztietan. Horrela, 15. minutuan, Ane Juaristik Oiartzunen areatik metro gutxira baloia lapurtzea lortu zuen, eta ezker hegalera pasea egiten hasi zen. Baloiak, ordea, Oiartzungo jokalari bati oinean jo zion, eta zuzenean ate barrurako bidea hartu zuen.

Neurketa parekatua zihoan. Bi taldeek ere ez zuten futbol politik erakutsi; pase gutxi lotzen zituzten elkarren jarraian. Joko zuzena nagusitu zen, eta ondorioz, aukera gutxi izan ziren bi ateetan. Anaitasunak ez zuen atera jaurtiketarik egin, baina aurretik zen markagailuan. Oiartzun, aldiz, pare bat aldiz arriskuarekin iritsi zen Oihana atezainak defendatzen zuen atera.

Anaitasunak egindako golari hogei minutura erantzun zuen Oiartzunek. 35. minutuan, eskuin hegaletik erdiratutako kornerra urruntzea lortu zuten gure neskek nola hala, baina aldaratzean zen etxeko jokalari batek azpi azpitik jaurti zuen Oihanaren atera, eta gure atepeko neskak ezin izan zuen gola ekidin. Atsedenaldira banako emaitzarekin iritsi zen neurketa.

Aldageletatik bueltan, intentsitatea eta erritmoa erakusteko eskatu zitzaien neskei, neurketa motela izan baitzen lehen 45 minutuetan. Halere, ezin izan zion kontra egin Oiartzunek egin zuen jokamoldeari. Etxeko taldeak Anaitasuna bere zelaian sartu zuen lehen minututik. Gola egiteko aukera garbiena, ordea, Anaitasunak izan zuen. Hegaleko falta batean, Ainhoaren pasea ez zuen baliatu Ane Juaristik atera jaurtiketa egiteko.

Neskek euren zelaitik irten ezinda jarraitzen zuten, eta Oiartzun behin eta berriz saiatu zen Oihanaren atera iristen. Baloia oinetan izatera ohituta dagoen taldea da Anaitasuna, baina neskak baloirik gabe ondo moldatu ziren defentsa lanean. Neurketa 70. minutura iritsi zenean, Anaitasunak bigarren gola egin zuen. Ainhoa Galarragak areatik metro gutxira epaileak adierazitako falta bikain baliatu zuen. Giza-hesiaren gainetik eta zutoinaren albotik egin zuen gola erdilariak.

Handik amaierara arte gogotik sufritu zuten neskek. Oiartzun erraz iritsi zen gorrixen areara eta jaurtiketa bidez ez bazen izan, korner jokaldietan sortu zuen arriskua etxeko taldeak. Ondo sufrituta, baina neskek garaipena lortu zuten Karla Lekuona zelaian. Aurrera Vitoriaren aurka galdu zutenetik jokatutako neurketa guztiak irabazi dituzte Gorka Zubizarretaren neskek. Guztira bost garaipen lortu dituzte jarraian gureek. Datorren asteburuan, berriz, sailkapenean zazpi puntu atzetik duten Hernani jasoko dute San Juanen neskek. Igandean 17:00etan izango da neurketa.