Garaipen estua Txerloian

Anaitasuna CD 1
Elgoibar CD 0

Xabi Azkoitiak neurketa amaitzeko ordu erdia falta zela egindako golak hiru puntu garrantzitsu batzeko balio izan zuten, Txerloian.

Ohorezko Maialko mutilek garaipen estua lortu zuten Elgoibarren aurka atzo, zapatua, Txerloian. Neurketa gogorra jokatu zuten Anaitasunak eta Elgoibarrek, eta 60. minutuan lortu zuten gorrixek garaipena lortzeko gola.

ANAI ELGOIBAR

Xabi Azkoitia gola ospatzen. (Argazkia: Maialen Arzalluz)

Partida tristea jokatu zuten Anaitasunak eta Elgoibarren, Txerloian. Lehen zatira tentsio gutxirekin zelairatu zen taldea, eta gauzak ez zituen ondo egin. Ez zuen lortzen pase asko bata bestearen ondoren ematerik. Taldeak leku galtze asko egin zituen, eta arazoak izan zituen lerro artean jokatzeko. Itxita, barruan bilduta, aritu ziren Xabier Artetxerenak.

Elgoibar ondo zen atzean, eta presioa ez zen izan oso agresiboa. Asko kostatu, halere, Anaitasunari Elgoibarren area ingurura iristea. Baloi batzuk galdu zituen taldeak baloi irteeran. Elgoibarren asmoa argi gelditu zen orduan. Gureek egindako akatsik txikiena ere baliatzeko prest agertu ziren. Aukera gutxiko neurketa izan zen elgoibartarren aurkakoa. Anaitasunak atzelarien bizkarrera sartutako pase luze batean Axik izan zuen, halere, lehen zatiko garbiena. Atezainaren eta Axiren arteko borroka Oñatiko aurrelariak irabazita, baloia ate aldetik oker atera zen. Angelurik gabe gelditu zen oñatiarra jaurtiketa egiteko, baina atea hutsean zela egin zuen jaurtiketa; ez zuen asmatu Axik. Aitor Diezek ere izan zuen bere aukera.

Bigarren zatian, intentsitate gehiago eskatu zitzaion taldeari, eta baloiaren irteeran ukitu batzuk eginda bigarren zatia txukunagoa egin zuen Anaitasunak. Elgoibarren zelaian aritu zen minutu gehienetan, eta baloia galtzean presio ona eta azkar errekuperatu. Bestelako zantzuak erakutsi zituzten gorrixek bigarren 45 minutuetan. Aukera onak sortzea kostatu egin zitzaion Artetxeren taldeari, baina taldea beste modu batera zelairatu zela garbi ikusi zen.

60. minutuan iritsi zen bat eta hutsekoaren gola. Bere zelaitik eta Elgoibarren presioa ondo gaindituta, Mikel Arzalluzen zegoen ezker hegalera jokatu zuen Landak. Arzalluzek oinetan itsatsita eraman zuen baloia eta area ertzera iritsi zenean atera jaurti zuen. Jaurtiketa atezainak urrundu zuen. Xabi Azkoitia erasora iristen ari zen, eta aldaratzea bere oinetara iritsi zen. Atezaina ondo gainditu zuen indar handiz, eta Anaitasunaren aldeko gola egin zuen eker hegaleko atzelariak.

Golaren ondoren, aukeren gabezia somatu zuen Anaitasunak. Ezker hegaletik egin zuen eraso behin eta berriz taldeak. Area ertzetan nagusi izan zen, baina golaukera garbirik ez zuen sortu taldeak. Elgoibarrek, berriz, ez zion eman arazo gehiegi Anaitasunari. Gure mutilak baloiarekin defendatu ziren eta denboraren kudeaketa ona egin zuten.

Amaierara arte borrokatu behar izan zuten gure mutilek balio handia duten hiru puntu lortzeko. Ez zen izan Anaitasunaren partidarik onena, baina Elgoibarren joko proposamena defentsan oinarritu zenez, gureek bisitarien bloke sendoa hautsi behar izan zuten garaipena lortu ahal izateko. Helburu duten jokoa egierik lortu ez arren, neurketa nahikoa kontrolatuta izan zuen taldeak. Datorren asteburuan, Arrasateko Mojategi zelaian jokatuko dute gureek.