Erreakzioa, berandu

Beti Gazte KJKE 2
Anaitasuna CD 1

Bigarren zatian hobera egin du taldeak jokamolde aldaketarekin, baina erreakzioa berandu etorri da eta esku hutsik itzuli da Lesakatik

Ohorezko Mailako mutilek liderraren postua galdu dute Lesakan, bi eta bat galdu ondotik. Etxekoek aukera asko sortu dituzte lehen zatian, eta bi asmatuta bi goleko errentarekin iritsi dira aurretik nafarrak atsedenaldira. Bigarren zatian, hobera egin du Anaitasunak, baina gol aukera onak huts egin dituzte, eta Mikel Pastrianen golak ezer gutxirako balio izan du.

BG-Anai

Aukera asko izan ditu Lesakako Mastegi zelaian jokatutako neurketak, bereziki lehen 45 minutuetan. Nagusi izan dira etxekoak, eta joko zuzenarekin eta areara egindako erdiraketekin min handia egin dute. Aukera asko, eta bata bestearen atzetik izan dituzte, gainera, nafarrek. Anaitasunak ere izan ditu abaguneak. Garbienak Ander Arabaolazak izan ditu lehen zatian. Zelai erdia baino zerbait aurreragotik egindako jaurtiketan eta Xabi Azkoitiaren erdiraketa buruz errematatuta izan ditu onenak.

Aukera gehiegi egin ditu etxeko taldeak, eta 26. minutuan iritsi da bat eta hutsekoa. Zelai erdiko falta areara zintzilikatu dute lesakarrek, eta baloia solte geldituta etxeko jokalari batek Xubanen gainetik bidali du baloia ate barrura. Anaitasuna ez da gai izan Beti Gazteri min egiteko, eta etxekoei etenik gabe jarraitu dute Xubanen arean min egiten. Horrela, 36. minutuan lortu dute bi eta hutsekoaren gola egitea. Eskuin hegaletik erdiratu dute baloia, eta etxeko jokalari batek Xuban atezainari egindako falta epaileak adierazi ez duenez, jokaldiak aurrera jarraitu du. Maisutasun handiz amaitu dute jokaldia eskuadrara jaurtita. Hirugarren gol bat egiteko aukera ere izan dute minutu gutxira.

Atsedenaldia bi goleko abantailarekin iritsi da Beti Gazte, eta aldageletatik bueltan hobekuntza zantzuak erakutsi ditu Anaitasunak. Jokamoldea aldatuta baloi gehiago izan dute mutilek oinetan, eta aire gehiagorekin sortu du jokoa. Aldaketek ere indarra eman diote taldeari, eta zelairatu berria zen Mikel Arzalluzek aukera argia izan du 70. minutuan gola egiteko. Atezainaren aurrean bakarrik gelditu da taldeko golegilea, baina amaiera eskasa eman dio jokaldiari; langa gainetik gora jaurti du baloia.

Handik bost minutura etorri da, ordea, Mikel Pastrianen gola. 75. minutuan, korner jokaldian bakar-bakarrik egin du errematea Pastrianek, eta Anaitasuna bete-betean sartu du puntu bat lortzeko borrokan. Beti Gaztek ondo itxi du bidea, eta berdinketa lortzeko aukera garbi gutxi izan ditu taldeak. Atzean ondo sartu dira lesakarrak, eta 88. minutuan Xabi Azkoitiak izan duen aukera besterik ez du izan puntua lortzeko. Eskuin aldetik jaso du erdiraketa Azkoitiak, eta area barruan egin duen burukada ahul atera zaio atera; atezainak ez du arazorik izan baloia eskuetan jasotzeko. Luzapenean, gainera, Beti Gaztek hirugarren gola egiteko abagune ederra izan du, baina Xuban adi ibili da gola ekiditeko.

Lesakako porrotarekin lidertza galdu dute mutilek, baina oraindik asko dute borrokatzeko, eta nola ez esateko eta erakusteko. Datorren zapatuan, Elgoibar jasoko dute gorrixek Txerloian. Etxean zazpi neurketa falta zaizkio jokatzeko taldeari, eta Txerloiako puntu guztiak oso garrantzitsuak izango dira goiko postuengatik borrokatzen jarraitzeko.