Balentria Beasainen

Goierri Gorri FK 2
Anaitasuna CD 3

Elene Zabalak luzapenean egindako golak balio handiko garaipena eman dio Euskal Ligako nesken taldeari

Anaitasunak Euskal Ligako zelairik zailenetako batean lortu du garaipena. Irailean Tolosaren aurka 1-4 galdu zuenetik porrotik ezagutu gabe zen Goierri Gorri bere etxean. Anaitasunako neskek partida benetan ona jokatuta, zapore gozoa duten hiru puntu ekarri zituzten atzo, igandea, Azkoitira. Bi eta huts atzetik joan ziren gorrixek, baina Maria Juaristiren bi golek eta Elene Zabalak luzapenean lortutakoak garaipena eskuratzeko balio izan zieten gure neskei.

GG Anai

Oihana Arambarri atezaina, baloia eskuetan duela. (Argazkia: Nagore Orbea)

Joko ona erakutsiz gailendu ziren Euskal Ligako neskak, Beasaingo Loinatz futbol zelaian. Hasiera hasieratik zituzten asmoak garbi azaldu zituzten, eta baloia oinetan dutela gauza onak egiteko gai direla erakutsi zuten. Halere, seigarren minutuan hartu zuten aurrea Goierri Gorriko neskek. Ezker hegaletik abiadura handiz sartu zen etxekoen hegalekoa, eta erdiraketa eginda goierritarren golegile nagusiak bat eta hutsekoa egitea lortu zuen aldaratze baten ondoren.

Jokoa atzetik sortzen jarraitu zuten neskek, eta Goierri Gorri taldeak ez zuen gure nesken bidea ixten asmatu. Baloia uneoro oinetan izan zuen Anaitasunak, eta galdutakoan presio ona egin zuen etxekoek zuten joko zuzena mozteko. Aurreko lerroko jokalariek lan ona egin zuten, eta banakoa egiteko aukera pare bat izanagatik, bat eta hutsekoarekin iritsi zen neurketa atsedenaldira.

Aldageletatik bueltan, taldeak lehen zatiko jokamoldeari eustea zuen helburu. Lortu zuten, baina etxekoek erritmo biziagorekin hasi zuten bigarren erdia, eta 53. minutuan beste aldaratze bat arean bakarrik jasota, bi eta hutsekoa egin zuten goierritarrek. Area inguruan arriskua sortzen hasia zen ordurako etxeko taldea.

Anaitasunak pauso bat aurrera egin behar izan zuen nahitaez, eta aulkitik erasoko jokalariak aterata lortu zuen Goierri Gorriren arrisku iturria ixtea eta jokoa etxekoen zelaira eramatea. 60. minutua beteta zela, taldea kontraerasoan irten zen. Irantzuk jaso zuen baloia zelai erdia baino metro batzuk aurrerago. Eskuin hegaletik barrura egin, eta Maria Juaristik atzetik aurrera egin zuen mugimendua bikain ikusita, atzelarien artetik pase ezin hobea egin zuen Irantzuk. Mariak atezainaren aurrean bakarrik jaso zuen baloia, eta ez zuen hutsik egin.

Ordura arte taldeak erakutsi zuen jokoa galdu egin zuen, baina beste alor batzuetan indartu egin zen taldea, eta zalantzarik gabe mesederako izan zen. Goierri Gorrik ezer gutxi erakutsi zuen Anaitasunak lortutako golaren ondotik, eta gureek 85. minutuan binakoa egitea lortu zuten. Maria Juaristik area txikian solte gelditu zen baloia ate barrura bidali zuen lurretik. Gureak zoratzen ziren binakoarekin.

Neskek zerbait gehiago lortzea posible zela ikusi eta sinetsi zuten, eta Goierri Gorriren zelaian baloi asko jaso zituen. Bigarren baloi horiek jaso eta etxekoen area inguruan ibili zen taldea. Partida luzapenean sartuta zela, epaileak Arethari egindako falta adierazi zuen areatik zentimetro gutxira. Ainhoa Galarraga kapitaina izan zen atera jaurti zuena, baina etxekoen atezainak gelditzea lortu zuen. Ez zuen asko urrundu, ordea; Elene Zabalak jokaldia argi jarraitu eta ate aurrean solte gelditu zen baloia eskuinez barrura bidali baitzuen. Bi eta hirukoarekin elkarren gainera bota ziren neskak, eta aulkian eta harmailan eromena nagusitu zen. Epaileak bost minutu pasatxo luzatu zuen neurketa, baina gorrixek sufritu gabe lortu zuten garaipena, Beasainen.

Goierri Gorriren aurka lortutakoarekin, hiru dira jarraian irabazitako partidak. Euskal Ligako neskak bolada ezin hobean dira, eta orain gutxi gertu ikusten zituzten jaitsiera postuak ondo urrundu dituzte; jauzi ederra egin dute sailkapenean. 21 punturekin hamaikagarren postuan kokatu da Gorka Zubizarretak zuzentzen duen taldea, jaitsiera postuetatik hamabost puntura. Datorren zapatuan berriz ere etxen arituko dira neskak. Jaitsiera postuetan den Derio jasoko dute, 17:00etan.